Musika
Emakume musikariak bultzatzeko
Lilaketa maketa lehiaketa antolatu du Hatortxu Rock jaialdiak
eitb.eus
Emakumeek oholtza gainean dute presentzia sustatzea da lehiaketaren helburua, eta, beraz, taldekideen erdiak baino gehiago emakumeak dituzten taldeek soilik hartu ahal izango dute parte.
Hatortxu Rock jaialdiak Lilaketaren lehen edizioa antolatu du, agertoki gainean emakumeen presentzia bermatzen duten taldeentzako maketa lehiaketa.
Antolatzaileek azaltzen dutenez, “gutxi dira, oso gutxi, oraindik ere oholtza gainetan, gizonezkoekin alderatuz, ikusten diren emakumeak”. Horregatik, Lilaketa lehiaketan parte hartzeko, taldeetako kideen erdiak baino gehiago emakumeak izan behar dira, eta, gainera, “emakumeen presentzia handiagoak balorazio positiboa ekarriko du”, Hatortxu Rocketik azaldu dutenez.
Irailaren 1era arte eman ahalko da izena lehiaketan, info@hatortxurock.eus idatzita. Gero, Hatortxu Rockeko antolakuntzak hiru finalistak aukeratuko ditu, eta finala zuzeneko emanaldi bat izango da. Irabazleak antolakuntzak erabakitako estudio batean maketa grabatzeko aukera izango du, baita 500 euroko saria ere.