Itxi

Musika

'Maitasunari pasioa'

Su Ta Gar eszenara, inoizko bere birarik intimistena abiatzeko

Natxo Velez | eitb.eus

Eibarko laukoteak gaur, ostiralarekin, abiatuko du “Maitasunari pasioa” aurkezteko bira, Andoainen. Disko berezia ezagutzera emateko, kontzertu sorta berezia egingo du taldeak, antzokietan.

  • Andoain, Arrasate, Ermua, Bilbo eta Iruñea bisitatuko ditu birak. Argazkia: Galder Izagirre.

    Andoain, Arrasate, Ermua, Bilbo eta Iruñea bisitatuko ditu birak. Argazkia: Galder Izagirre.

Inertzia erosoa da, agian, arriskuen aurkako babesgarri gisa erabiltzen dute batzuek, baina sormena higatzen du, ibili dabilenaren bideak estutzen ditu, eta Su Ta Garrekoak, euskarazko heavyaren aitabitxiak, errutinaren aurka oldartu dira, beti aurrera begira dagoenari dagokionez, Maitasunari pasioa disko berrian.

Eibartarrek berezkoak dituzten kantu lasaiagoen bilduma da Maitasunari pasioa, beren ibilbideko aurreko hamar diskoak zipriztindu izan dituzten baladen ("Zure aurrean makurtzen naiz" 1991kotik hasi eta "Zure argia" 2013kora) estiloko hamar kantu berrik osatutako diskoa, eta Euskal Herri osoko antzokietan aurkeztuko dute gaurtik hasita (Andoaingo Bastero kulturgunea, 21:30), zaleei bertako kantei darien ukitu intimistagoa hobeto helarazteko.

Ur bareagoetatik egin beharreko itsasaldi honetarako prestaketa lanetan murgilduta harrapatu dugu Aitor Gorosabel taldeko abeslari eta gitarrista, entseguetan buru-belarri, eta jarraitzaileengan bira bereziaren aurreko jakin-mina nabaritu dutela aitortu digu, orain arte iragarritako emanaldietarako sarrerak "ondo" saltzen ari baitira. "Gainera, jendeak eskatutako zerbait izan da diskoa, nolabait. Gure kantu lasaienekin etxean egindako bildumak zituztela esaten ziguten, eta eskatzen ziguten bide horretatik zerbait egitea", esan digu Gorosabelek.

Diskoak harrera "oso ona" izan du, horren hitzetan, atseginez hartu du publikoak, eta, "salbuespenak salbuespen, egurra gustuko duten askok ere ondo jaso dute proposamena".

"Ohiko formatuan"

Kontzertu berezi hauetan, "ohiko formatuan" agertuko da laukotea antzokiotako oholtzan, bi gitarrak, baxua eta bateria lagun, "pianorako eta gitarra akustikoetarako tartea utzita betiere", eta ondutako azken diskoaren "ia kantu guztiak" joko dituztela aitortu digu Gorosabelek, "baita ohiko kontzertuetan, lasaiagoak zirelako, kantu zerrendatik kanpo utzi izan ditugun batzuk ere, hala nola Bere hitzen faltan edo Zure argia".

Su Ta Gar antzokietan ikusi nahi dutenentzat bost hitzordu iragarri dituzte dagoeneko (Andoain, urtarrilak 13; Arrasate, urtarrilak 21; Ermua, urtarrilak 27; Bilbo, otsailak 5; eta Iruñea, otsailak 17), baina gehiago izango direla aurreratu digu Gorosabelek: "Ipar Euskal Herrira joateko asmoa dugu, eta beste herri batzuetan ere ixten ari gara datak".

su ta gar

Argazkia: Galder Izagirre

Taldearen jarraitzaile metalzaleenek, nolanahi den, ez dute dudarik izan behar: Su Ta Garrekoek segituko dute azeleragailua zapaltzen, gitarra doinu pausagabeak eta bateria erritmo azkar eta bortitzak josten. Ohiko kontzertuak eskaintzen jarraituko dute, antzokietan egin beharrekoekin batera, eta talde beteranoak betiko ildoari helduko dio berriz, kantu mantsoagoetan zehar egindako "parentesi" honen ostean.

Aurretik, baina, Su Ta Garren alde lasaiago honen funtzioa gaur hasiko da, Andoainen.