Musika
Orkestra
EOSek grabatu du Gabonetako Loteriaren iragarkiko musika
Agentziak | Erredakzioa
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak jarri dio musika Espainiako Gabonetako Loteriaren iragarkiari, Fernando Velazquez getxoztarrak zuzenduta.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) da aurten Gabonetako Loteriaren iragarkian entzun daitekeen musikaren grabazioaren egilea. Duela bi aste grabatu zuen orkestrak musika, Fernando Velazquezen zuzendaritzapean, EOSek berak ohar batean jakinarazi duenez.
Orkestra urriaren 28an sartu zen Miramongo bere egoitzara "kontatu ezin zitekeen zerbait grabatzera", eta zuzendariak berak ere ezin izan zien musikariei proiektuari buruz ia ezer argitu, sekretua baitzen. Iragarkia Leo Burnett agentziak egin du, Santiago Zannouk zuzendu du eta euskal orkestrak "isilpean, zuhurki eta bezeroaren eskariari erantzunez" ekin zion lanari.
Zannou bera ere Miramonen egindako lan saioan egon zen. Istorioa kontatu gabe baina edukia uler zezaten nolabaiteko azalpenak emanez, Zannou musikariei zuzendu zitzaien. Une latzetan norbait laguntzea, bultzatzea eta, batez ere, "partekatzea" zein garrantzitsua den irudika zezatela eskatu zien, "sari handiena partekatzea baita".
Fernando Velazquezek iragarkiaren alde musikalaz arduratzeko eskaria jaso zuen, eta, hartara, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, esan bezala, urriaren 28an grabatu zuen "oso denbora gutxian eta erabateko diskrezioz egun jada Gabonetako melodiarik ezagunena dena".