Itxi

Musika

Alemaniako bira (III)

Belako, Alemanian: Danke shoen, irailera arte!

Belako

Mungiako laukoteak bertatik bertara kontatuko dizkigu Bremen, Berlin eta Hanburgon egindako biraren nondik norakoak. Irailean berriz joko dute Alemanian.

  • Irailean, Alemaniara itzuliko dira mungiarrak

    Irailean, Alemaniara itzuliko dira mungiarrak

2016ko uztailak 18. Hanburgo.

Bezperan, Martinek eta Jacobek geltokian hartu, eta Jacoben etxera eraman gintuzten, St. Pauli auzoan, maletak eta tresnak utzi eta Blackport taberna begetarianora afaltzen joan gintezen.

Goizean ferrya hartu eta Hanburgotik sightseeing espres bat egitea gomendatu ziguten gero, eta, oso esanekoak garenez, hori egin genuen, noski: turistoi zegozkigunak gauzatu, eta ontzia hartu genuen. Zur eta lur utzi gintuen portu turistiko eta industrialen nahasketak, baita ibaiertzean eraikitako hondartza eta etxetzarrek ere.

belako hamburgo hanburgo

Eguerdian, odisea txiki bat bizi izan genuen, elkarrizketa bat egin ahal izateko, eta batetik bestera ibili ginen, hiria ezagutzen ez genuenez, arratsaldeko bostetan Quentin?s hanburgesategian bazkaldu genuen arte. Hanburgesa bakoitzak Tarantinoren pertsonaia baten izena du bertan, Jackie Brown-en soinu banda entzuten zen eta Pulp Fiction proiektatzen ari ziren; fancy samarra, bai, baina, goseak urkatuta, gozoa baino gozoagoa iruditu zitzaigun. Irailean Hanburgora berriz etortzen garenean, Jacobek gomendatu zigun toki autentikoagora joan beharko dugu.

belako hamburgo hanburgo

Martinen urtebetetzea zen kontzertuarena eguna (ezinezkoa zaigu oraingoz alemanez zoriontzea, gure alemana hobetu behar dugu), eta komuna batean jo genuen, hain zuzen bere, bere familiaren eta beste 30 heldu eta 15 umeren bizitoki den etxe okupatu legeztatu batean. Abegi oso ona egin ziguten bertan, eta oso giro lagunarteko eta gertukoa sortu zen. Horrelako inguru batean hazteko gogoa ematen du.

Aretoaren sarreran, Jacoben etxeko atean bezala, bidaian hainbat aldiz aurkitu dugun mezua ageri zen: KEIN MENSCH IST ILLEGAL (Ez dago legez kanpoko pertsonarik). Garajean jo genuen, Tom teknikari jatorrak lagunduta. Monty Pythoneko kide baten antza hartu genion, gainera, eta horrek maitagarriagoa egiten zuen.

Hypercultek jo zuen gero, bateria, kontrabaxua eta pedal zoro batzuk erabiltzen dituen eta asko gustatu zitzaigun biko suitzar batek. Trance iluna.

Agurtzeko ordua heldu zen, azken gaua zen, eta bi talde egin genituen: beste trago batzuk hartzeko indarra zutenak batetik, eta metatutako nekearen eraginez zutik lo geldi zitezkeenak bestetik.

Hurrengo goizean, St. Paulitik buelta bat emateko aprobetxatu genuen. Lehendik ere bageneraman pisuarekin nahikoa ez, antza, eta bigarren eskuko gauzak pisura saltzen dituen denda batera joan ginen, gainera.

Gero etorri zena: prisa nagusi izan zen egun bat, trena ozta-ozta hartu, beste tren bat, bi abioi eta etxean azkenik, pozik, baina bukatu delako penatuta.

Dena oso ondo joan zaigu Alemanian, hiru kontzertu eder eman eta jende asko ezagutu dugu. Itzultzeko aukera batzuk zabalik dauzkagu dagoeneko... Are gehiago, irailean itzuli egingo garela aurreratu dezakegu!

Danke shoen, auf wiedersehen!

belako hamburgo hanburgo

Belako Hamburgo Hanburgo

belako hamburgo hanburgo

belako hamburgo hanburgo