Musika
Jaialdia
Josu Venero bilbotarraren dokumental bat, Malagako Zinemaldian
Erredakzioa
Jose Antonio Sistiagaren sormen unibertsoan sakontzen du 'Tener el corazón en el lugar equivocado' filmak, larunbat arratsaldean ikusgai.
Larunbat arratsaldean, Malagako Zinemaldian, Josu Venero zuzendari bilbotarraren "Tener el corazon en el lugar equivocado" dokumentala eman zuten. 17 minutuko film laburra da, baina 80 minutuko dokumentalekin lehiatzeko aukeratu dute.
Dokumentala Jose Antonio Sistiagaren sormen unibertsoan barrena bidaia bat da. Artista eta zinemagile esperimental honek eskuz margozten ditu pelikulen fotogramak. Pintura abstraktoa egiten du negatiboen gainean, koadroa mugitu gabe. Hortxe dago gakoa, zuzendariaren ustez.
Tailerra etxean bertan dauka, leihoz betetako egongela zaharrean. "Handik itsasoa ikusten da, ederra da. Mahai gaineko plastikoak kendu, eta hor agertzen da mundu koloretsua", azaldu digu. Eta eguzkitsua. Izan ere, Sistiaga Han izeneko pelikulan ari da lanean, eguzkiari buruz eta Oteizaren omenez.
Zinema munduak miretsia, ezezaguna da ostera publiko zabalarentzat.
Jose Antonio Sistiaga oso pertsona askea da, horrela uste du Venerok: "Zineman ezagutzen dudan askeena. Ez dago industriaren menpe. Berak egiten du prozesu osoa. Munduan bakarra da eta hurbil-hurbil dugu", goraipatu du.
Hurbileko eta era berean urruneko mundu horren ateak irekitzen dizkigu Sistiagak, bere lanaren bidez.