Itxi

Musika

Donostia

Jack DeJohnette eta Charles Bradey ere egongo dira 51. Jazzaldian

eitb.eus

Donostiako Jazzaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko. Horrez gain, antolatzaileek kartela itxitzat emateko falta ziren izenak iragarri dituzte.

  • Uztailaren 20tik 25era izango da Jazaldia.

    Uztailaren 20tik 25era izango da Jazaldia.

Heineken Jazzaldiaren 51. edizioak udan bertako agertokietan arituko diren beste hainbat musikariren izena iragarri du. Diana Krall, Gloria Gaynor, Branford Marsalis, Brad Mehldau, John Scofield, Jan Garbarek eta Marc Riboti, orain arte iragarritako artistei, Cyrus Chestnut, Snarky Puppy, Charles Bradley, Terje Rypdal, Jerry Bergonzi, Ellis Marsalis, Jack DeJohnette, José James, Steps Ahead eta Bobo Stenson gehitu zaizkie, beste askoren artean.

Uztailaren 21ean, Jazz Band Ball egingo dute Zurriolako hondartzan eta Kursaaleko terrazetan, baina egun horretako izarra Gloria Gaynor abeslaria izango da. Heineken agertokian bertan, gauerdian, funkeko mitoetako bat izango da gainera: The Zapp Band.

Beste agertoki batzuetan, gau horretan bertan, Cyrus Chestnut, Buster Williams eta Lenny Whiteren hirukotea; Marc Riboten azken proiektua; John Nemeth amerikar blueseko izarra eta Tricia Evy abeslari frantsesa egongo dira.

Uztailaren 22tik hasita, Heineken Jazzaldiaren agertoki garrantzizkoenak, Trinitate enparantzak, jazzeko lau saio bikoitz eskainiko ditu. Hasteko, Marsalis familiako bi izar: Ellis, aita, izango da lehen saioko protagonista, bere laukotearen buruan, eta ondoren, Branford Marsalis handiaren txanda izango da, jazzeko kantari miretsienetako bat bere taldean duela, Kurt Elling.

Uztailaren 23an, larunbata, jazz garaikideko bi erreferentzia egongo dira: Jack DeJohnette bateria-jotzaile eta pianistaren hirukoa, Ravi Coltrane saxofonista bertan dela, eta Steve Coleman saxofoilariaren 5 Elements taldea.

Uztailaren 24an, igandea, azken garaiotan estiloa markatzen ari den beste abeslari baten kontzertuarekin hasiko da Trinitateko saioa: José James. Haren atzetik, talde mitiko bat taularatuko da: Steps Ahead, Mike Mainieri bibrafonista buru duela.

Azkenik, astelehenean, uztailak 25, Diana Krall handia izango da Trinitate enparantzako oholtzan, bere laukote berriarekin. Aurretik, Bobo Stenson suediarra arituko da giroa berotzen.

Kursaal, Agertoki Bedea...

Kursaaleko auditoriumean, lau kontzertu eskainiko dituzte Jazzaldian: uztailaren 22an, Brad Mehldauk, John Scofieldek eta Marc Guilianak osatutako hirukoa; hurrengo egunean, Ibrahim Maalouf tronpetaria; igandean, Jan Garbarek norvegiarra; eta uztailaren 25ean, Christian Scott tronpetaria.

Victoria Eugenia Antzokiaren programazioak bi emanaldi berezi eskainiko ditu: uztailaren 24an, Bertsoa & Jazza egongo da, eta, uztailaren 25ean, La Marmite Infernalek joko du.

Aurten, San Telmo Museoak ere bost kontzertu hartuko ditu, 12:30ean, eguna jazz doinuz has dadin.

Azkenik, Heineken agertokian, Gloria Gaynorren ondoren (berak zabalduko du bertako programazioa), Ryley Walker eta Snarky Puppy taldea izango dira hilaren 22an; uztailaren 23an, Rural Zombies eta Nick Waterhouse ikusteko parada egongo da; eta hilaren 24an, , Grupo Fantasmak eta Charles Bradleyk itxiko dute agertokiaren proposamena.

Sarrerak salgai daude dagoeneko webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan (11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara).