Itxi

Musika

Uda honetan

Jerry Gonzalez tronpeta-jotzailea Getxo Jazz jaialdian izango da

Erredakzioa

Uztailaren 1etik 5era bitartean egingo dute Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdiaren XXXIV. edizioa. Bertan parte hartuko duten izen handiko musikarietako bat da Gonzalez.

Ezagutu dugu jada Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdiaren XXXIV. edizioko kartelaren lehen izenetako bat. Jerry Gonzalez tronpeta-jotzailea Getxon izango da, uztailaren 1etik 5era bitartean egingo den Getxo Jazz jaialdian parte hartzeko. Fort Apache Band bere taldearekin batera, afro-doinuak eta Karibeko musika ekarriko dute geurera. Italia, Finlandia, Polonia eta Espainiako taldeak ere izango ditugu Getxon, Taldeen Lehiaketan parte hartzeko.

Jerry Gonzalez (New York, 1949) txikitan hasi zen jazz doinuak eta Karibeko musika jorratzen. New York College of Music eta hiriko Unibertsitatean egin zituen musika ikasketak. 70.hamarkadan hasi zuen ibilbide profesionala, baina New Yokeko orduko talde latinoen ildoa alboa batera utzita, Karibeko afro-doinuetan murgildu zen Gonzalez, jazz musikarekin uztartuz.

Dizzy Gillespie musikari handiarekin egin zituen lehen pausoak maila profesionalean, conga perkusionista gisa eta jazz latino estilo propioa jorratuz. Ondoren, El Son eta Conjunto libre taldeetan jardun zuen, eta 70.hamarkada bukaeran talde propioa sortu zuen: Yo Ya Me Cure. The Fort Apache Band izan zen hurrengo pausoa, eta egun bere taldea den honekin hainbat lan garrantzitsu grabatu ditu.