Itxi

Musika

Arriaga antzokian

Delorean: 'Alderdi esperimentalenean topatu dugu Laboarekiko lotura'

Natxo Velez | eitb.eus

Bartzelonan finkaturiko zarauztar taldeak euskal musikaren maisuaren errepertorioa berritu eta plazaratuko du Arriaga antzokian, Bilbon, otsailaren 10ean, asteazkenarekin.

1:13
Delorean eta Mikel Laboa

Delorean talde zarauztarrak Mikel Laboaren lanekin osatutako errepertorioa eskainiko du asteazkenean, otsailaren 10ean, Bilboko Arriaga antzokian, 20:00etatik aurrera.

Azken urteetan gure mugetatik kanpo entzute handiena lortu duen taldeetako bat da Delorean; poparen eta musika elektronikoaren arteko bere nahasketak onespen handia du, etengabe mundu zabalean zehar jotzen egoteak erakusten duenez.

Oraingoan, eskemak apurtuz, Mikel Laboaren ondareari hurbildu zaizkio taldekideak, “jatorrizko obraren eta moldaketaren arteko eremuan”, 2014an artista donostiarraren lana Adarra sariaz aitortzeko ekitaldian egin zuen bezala.

Orduan, Laboaren estudioko jatorrizko lanetan oinarrituz egindako zenbait nahasketa eskaini zituzten, eta bide horretan sakonduko dute Bilbon emango duten bigarren kontzertu honetan. Horren ostean, gitarrak erabat alboratuta sortu duten diskoa etorriko da.

Haiengana jo dugu, kontzertuaren atarian, haren inguruko zertzelada batzuk argi diezazkiguten.

Nola aukeratu duzue Mikel Laboaren errepertorio oparotik zer kantu sartu Arriagako kontzertuko kantuen zerrendan?

Laboaren katalogoa entzun eta moldatzeko interesgarrienak iruditzen zitzaizkigun abestiak aukeratu ditugu. Badira abesti klasikoak, baina bere alderdi esperimentalena hartu dugu ardatz.

Egokitzapenak egiteko Laboaren lanean sakonduta, zer ezaugarri nabarmenduko zenituzke bere musikagintzatik?

Bi alderdi daude: kanta tradizionalak eta saiakera esperimentalenak. Lehenengoa txikitatik ezagutzen genuen nolabait; bigarrena, aldiz, orain izan dugu entzun eta aztertzeko aukera.

Gure eta Laboaren arteko lotura alderdi esperimentalean topatu dugu; kanta tradizionalak ez zaizkigu horren moldagarriak iruditu, eta horrela izatea ongi iruditu zaigu, gainera.

Nola egin dituzue bertsioak? Zein neurritaraino errespetatu dituzue doinu originalak?

Batzuetan, "Bentara noa" abestian adibidez, jatorrizkoa dezente errespetatu dugu, baina oso askatasun handiz landu ditugu oro har.

Ez dugu uste moldaketa batek abesti originala errepikatu behar duenik. Moldaketaren eta originalaren artean dagoen eremu horretan aritu gara lanean.

2014an Laboari Adarra saria eman ziotenean, 45 minutuko kontzertua egin zenuten kantariaren estudioko grabazioak birnahasiz. Nolako harrera izan zuen? Zer berrikuntza ekarriko ditu Arriagako bigarren honek?

Harrera ona eduki zuen, guk uste: Laboaren familiari gustatu egin zitzaion, eta hori guretzat oso garrantzitsua da.

Arriagako kontzertuan, Donostian jotako abestiak eta espresuki idatzitako 30 minutu gehiago joko ditugu.

Zaila da, baina aukeratuko zenukete Mikel Laboaren kantu eta disko jakin bat?

Bada, bai, zaila da. Topikoa da, baina lehenengo biak disko oso bereziak direla esango genuke.

“Bat-hiru” Mikel Laboa ezagutzeko modu ona da, eta “Lau-bost”, ilunagoa izanik, disko aparta dela uste dugu. “Lekeitioak” ere entzun behar dira…

Aurrerago, jazza eta beste estilo edo instrumentazio modernoagoak ere landu zituen. Hainbat abesti aipatu genitzake erantzun honetan…

2016ko udaberrian disko berria argitaratuko duzue. Zer aurreratu diezagukezue berari buruz? Zein musika ibilbidetik joko du?

Bukatu berri dugun disko berriak soinu elektronikoagoa dauka. Gitarrak guztiz kendu ditugu.

Sintetizadoreekin lan egin dugu, testura elektroniko eta analogikoak asko landuz. Beti bezala, klubeko musika eta pop musika hartu ditugu euskarri gisa.