Musika
Diskoa eta DVD-a
Kalakanen bestaldea, agerian
N.V. | eitb.eus
Hirukoteak “B aldeak” diskoa eta “Kalakan & friends” DVDa kaleratu ditu, 2016 honetarako. “Elementuak” diskotik kanpo utzitako kantuak eta zuzeneko kontzertu bat bildu dituzte berorietan.
-
Kalakan
Iazko udaberrian, “Elementuak” diskoa argitaratu zuen Kalakan hirukoteak “berkonexio” garai baten ostean, Madonnarekiko lankidetzaren osteko zurrunbiloa baretuta bere bidea bilatu eta nortasuna indartu ondoren.
Orain, ia urtebete geroago, “B aldeak” eta “Kalakan & friends” diskoa eta DVDa besapean hartuta egin diote aurre urte berriari.
“B aldeak” maxisinglean, “Elementuak” diskorako grabatu zuten baina azkenean, “koherentzia eta iraupen kontuengatik”, lanetik kanpo gelditu ziren kantu batzuk bildu dituzte.
Bost kantuko diskoan, Thierryk, Xanek eta Jamixelek hegazti harraparien hegaldietan inspiraturik ondutako kantu bana agertzen da (“Miru gorria”, “Belatz gorri” eta “Belatz haundi”, hurrenez hurren), baita “Birjina gaztetto bat zegoen” eta “Ontasunik gabe” abestiak ere.
Kalakan eta lagunak
Halaber, hirukoteak Zumarragan, Antioko baselizan, azken urteotan agertoki eta estudioetan lagun izan dituen adiskideekin batera emaniko kontzertuaren grabazioa ere merkaturatu du Kalakanek. Bi lanok taldearen kontzertuetan soilik erosi ahalko dira.
DVDan, Katia eta Marielle Labèque, Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte (Oreka TX), Marion Motin, Stéphane Deheselle, Anne Anza Mendizabal eta Easo Abesbatza agertzen dira.