Itxi

Musika

Uztailak 20-25

Diana Krall eta Gloria Gaynor Donostiako Jazzaldian izango dira

eitb.eus

Gainera, Branford Marsalis eta Kurt Elling; Brad Mehldau, John Scofield eta Mark Guiliana; Jan Garbarek; eta Steve Coleman ere egongo dira jazz jaialdiaren 51. ekitaldian.

  • Diana Krall laukote formatuan etorriko da Gipuzkoako hiriburura

    Diana Krall laukote formatuan etorriko da Gipuzkoako hiriburura

Donostiako 51. Heineken Jazzaldia uztailaren 20tik 25era izango da aurten, eta karteleko lehen izarrak iragarri ditu gaur. Diana Krall, Gloria Gaynor, Branford Marsalis Kurt Ellingekin; Brad Mehldau, John Scofield eta Mark Guilianarekin; Jan Garbarek; Steve Coleman; Marc Ribot and The Young Philadelphians; Ibrahim Maalouf eta Christian Scott igoko dira Donostiako agertokietara aurtengo udan.

Jazzaldiaren programa osoa otsailaren azken aldera iragarriko da, eta orduan jarriko dira sarrerak salgai.

Diana Krall jazzaren egungo abeslaririk azpimarragarrienetakoa da, eta Donostiara itzuliko da 2016 honetan, laukote baten buruan.

Gloria Gaynor disko-musikaren erreginetakoa da, baina esparru hori txiki geratu zaio, eta musika beltzaren mito bizietako bat bilakatu da. I Will Survive himno bilakatu da belaunaldi askorentzat.

Branford Marsalis egungo jazzeko saxo tenor nagusietakoa da, eta gonbidatu berezi bat aurkeztuko du bere laukotearekin batera: Kurt Elling abeslaria.

John Scofield gitarristaren groove-ak Brad Mehldau piano jotzailearen musikaltasunarekin eta Mark Guilianaren erritmoarekin uztartuko da Donostian. Guiliana jazzeko bateriaren berritzaile handietako bat da, eta David Bowie zendu berriaren azken diskoan (Blackstar) parte hartzen duelako egin da ezagun.

Jan Garbarekek, besteak beste, Keith Jarrettekin egin du lan, eta, berorrez gain, Steve Coleman saxofonista Marc Ribot gitarrista, Ibrahim Maalouf eta Christian Scott ere arituko dira Donostian, esan bezala, uztailaren 20tik 25era.