Itxi

Musika

“Hamen” disko berria

Belako: 'Ondo pasatu ezean, ez luke zentzurik izango'

Natxo Velez | eitb.eus

Mungiako laukoteak “Hamen” kaleratu du, ibilbideko laugarren lana, eta errepidera aterako da berriz, agertoki gosez. Cris eta Lorerekin hitz egin dugu, diskoaz eta, oro har, taldeaz.

1:37

Helmuga ezberdineko bi bide daude, musikagintzan eta bizitzan, jendearengana heldu eta publiko zabalaren faborea erdiesteko. Batek ospea du helburu; besteak, berriz, onespena du sari.

Ospea, fama, agertokitik at, bulegoetan, lortu ohi da, salbuespenak salbuespen: artistaren ahalmenarekin zerikusi gutxi izaten du, zoritxarrez, eta, esan gabe doa, ez du, edo ez du zertan izan, lotura zuzenik kalitate mailarekin edo lokalean eta furgonetan egindako lanarekin.

Onespena, prestigioa, baina, egunero irabazten da, gitarra eskutan hartuta, lokalean, sortzen den nota bakoitza inoiz sortutako lehena izango balitz bezala sortuz eta, agertokiaren gainean, jotzen den nota bakoitza inoiz joko den azkena izango balitz bezala joz...

Belakoren egungo entzutea bigarren bide honetatik etorri da, dudarik gabe.

Laukotea osatzen duten kideek, Josu eta Lore Billelabeitia neba-arrebek, Cris Lizarragak eta Lander Zalakainek, musika dute langai eta kantu biribilak helburu, baina bidea gozatzen ari dira, ilusioz, eta agerian gelditzen da hori beren zuzenekoetan; egiten dutenaz disfrutatzen dute, nola agertoki handietan hala areto txikietan, eta lokalean (?gehiago entsegatzeko denbora eduki nahiko genuke?, aitortzen dute) eta irri-zaflaka erakusten dute.

belako. argazkia: facebook belako

Argazkia: Iñaki Billelabeitia.

Denetarik esaten da haietaz, geroz eta ozenago, eta Estatu mailako musika hedabide guztiek darabilte hitzetik hortzera Belako, ?gazteak? direla, ?freskoak?, haien zuzenekoak goraipatzen dituzte? ?Hamen? diskoa kaleratu dutela eta (gaur, urtarrilak 22, jarri da salgai), haiengana jo dugu zer diren eta norantz doazen euren ahotik jakiteko. Crisek eta Lorek erantzun dizkiete gure galderei.

?AAAA!!!!? eta ?Bele beltzak baino ez? EPak kaleratu eta gero, bira etengabean ibili zarete. Noiz erabaki zenuten gelditu eta disko berria grabatzeko tenorea zela?

Lore: Tira, kantu batzuk bageneuzkan?

Cris: 2014an bi EP horiek atera eta gero, prest geneuzkan kantu batzuen zirriborroak lantzen aritu ginen, baina kantuak ez dituzu behin betiko biribiltzen zeure buruari diskoa grabatzeko konpromisoa ezartzen diozun arte.

Gainera, askotan, ez diogu kantuei bueltak emateari uzten, nahiz eta dagoeneko grabatuta egon; hortaz, seguru nago ?Hamen?eko kantak aldatu egingo direla oraindik, batik bat zuzenekoetan, orain modu jakin batez grabatu baditugu ere. Gogoan dugun soinura hurbiltzen ari gara, eta, oraindik orain, hau da ideia horretatik gertuen dagoena, baina aurrera begira jarraitzen dugu.

Nola konposatzen du Belakok? Non izaten dute jatorria zuen kantuek?

Lore: Josuk konposatu ohi ditu, eta denetarik egoten da: batzuk baxuaz sortzen ditu, beste batzuk piano edo gitarraz? Gehienbat, nik uste, pianoan sortzen ditu, eta gero baxuaz janzten ditu.

Hortik aurrera, entseguetan jotzen eta egituratzen ditugu eta, sarritan, kontzertuetan jo eta, gero, aldatzen ditugu. Kantu berriak jotzeak ilusioa ematen digu, eta kantuak erabat itxita egon aurretik ere gehitzen dizkiogu errepertorioari. Horrela, probatu egiten ditugu, eta fintzen jarraitu ahal dugu.

?Hamen? zuen laugarren lana da, eta, nolabait, zuen proposamena egonkortzera dator. Nola egin diozue aurre sormen lanari, obra baten jarraipena den jakitun? Errepikatzeko beldur al zarete?

Cris: Egia da ez dugula aurretik egindakoa errepikatu nahi, baina, sormenari begira, oso bolada gozoan gaudela uste dut. Gauza oso ezberdinak interesatzen zaizkigu, eta seguru nago denbora gehiago izango bagenu dauzkagun baino askoz kantu gehiago sortuko genituzkeela.

Krisirik ez dugu batere, ez dugu inola ere uste lehenago egindakoa errepikatzen ari garenik. Beste bide batzuen bila ari gara etengabe.

Lore: Faltan botatzen dugu nahi duguna entseatzeko astia izatea, hurrengo kontzerturako errepertorioa entseatu beharraz haraindi: kantu berriak sortu, bertsio batzuk landu?

Ez diozue zuzenean jotzeari utzi, eta kontzertuak dira zuen arrakastaren gakoetako bat. Badu horrek eraginik konposatzeko lanean? ?Track sei? kantuak eta diskoko beste batzuek kontzertu aretoak hankaz gora jartzeko propio egindakoak dirudite?

Lore: Ez, kantuak egiteko orduan sekula ez dugu pentsatu jaialdi batean zelan geldituko ote diren edo halakorik.

Cris: Gogoan daukat, ?Track sei? konposatu genuenean, elkarrengandik oso ezberdinak ziren kantuak ateratzen ari ginela aldi berean, eta klasikoetara jotzeko erronka jarri genion geure buruari: baxu bat, kantuaren pisuari eusteko, eta teklatuak, gitarrak eta ahotsak gehitzen joan? Disko berrian aurki daitekeen klasikoenetakoa da.

Di-da sortzen diren kantu horietakoa izan zen: goiz batean konposatu genuen kantu hura eta gaur egun diskoan jasotako ia gauza bera dira. Lehen diskoko kantuen esentzia dario, kantuak biluzteko eta mamira jotzeko filosofia.

Diskoan Belakoren ertz guztiak sartu dituzuela esan daiteke, beraz: rocka, elektronika, iluntasun apur bat?

Lore: Bai, hori da. ?Track sei? egiten ari ginen bitartean, ?Key?, aurreratu dugun beste kantuetako bat, eta oraindik aurkeztu ez dugun beste bat ere egiten ari ginen, eta kantu erabat ezberdinak dira hirurak.

Cris: Bai, Lorek dioen azken hori diskoko hirugarrena da, eta kontzertuak zabaltzeko erabiltzen dugu. Rock kutsu handienekoa da, gitarra da nagusi eta ez dauka tekla doinurik ere. Baliteke, jendearen ikuspegitik, Belakok adierazten duen horretatik urrunen dagoen kantua izatea, baina gu, nola ez, geure alderdi guztiekin gaude identifikatuta.

Lore: ?Key?, ordea, ekoizpen aldetik gehien landuetakoa da, agian, eta, esan dizudan bezala, hirurekin batera ari ginen lanean. Konposatzen ari garela, aldatzen joatea gustatzen zaigu, kantu batetik bestera salto egin, nahiz eta elkarrekin batere zerikusirik izan ez.

Zuen soinua zabaltzen, hedatzen, ari zarete orduan?

Lore: Bai, ?Hamen?en Belako garela igartzen da, gure mamia dago, baina beti izan gara oso eklektikoak, eta, nire ustez, hala izango gara aurrerantzean ere.

Cris: Hastapenetan, sortu berritan, hainbat estilo probatzen dituzu, eta jendeak esaten du: ?Tira, aukeratuko dute noizbait, hemendik edo hortik joko dute?. Bada, hain zuzen ere, bata edo bestea ez aukeratzearen alde egin dugula pentsatzen dut, eta gustuko dugunarekin gelditu gara.

Belako

Argazkia: Iñaki Billelabeitia.

Zer aurkituko dugu ?Hamen?eko testuetan?

Cris: Disko honetan, euskarazko kantu bat sartu dugu, Josuk idatzi eta kantatu duena, eta gainerakoak ingelesez dira. Egia esan, pozik gelditu naiz diskoko hitzekin, denetarik dagoelako: batzuek jenio txarragoa dute? Oso orekatuta gelditu direla uste dut.

Kantuen gisara, testuak ere askotarikoak dira, eta denetarik landu dugu horietan: gai sozialak, asmatutako istorioak, bitxikerietan oinarrituta alde ezberdinak jorratzen dituztenak? Azkenean, musikak ahots melodia bat iradokitzen dizu, eta, gero, horrekin bat datozen hitzak sartzen dira.

Magic Box Mungiako estudioan grabatu duzue, James Morganekin batera. Ez duzue taldetik kanpoko ekoizle batengana jotzeko tentaziorik izan? Eskaintza bat baino gehiago izango zenuten, seguru?

Lore: Bai, baina oso argi daukagu zer egin nahi dugun, eta Josuk oso ondo kontrolatzen du alderdi teknikoa, programak, soinuak eta hori guztia. Beraz, bera da ekoizlea, Jamesen laguntzarekin.

Argitaratzeko, Mushroom Pillow diskoetxearekin (Delorea, WAS, El Columpio Asesino, The RAveonettes?) koprodukzioa egitea erabaki duzue, baina autogestioaren aldeko apustuan sendo jarraitzen duzue?

Cris: Bai, autogestioan sinesten dugu, eta horrela lan egiten jarraitzen dugu, baina, disko honetarako, kanpoko laguntza bat bilatu dugu, banaketan-eta lagun diezaguten.

Lore: Gu musikaz arduratzen gara, disko osoa egin dugu, eta eurak hemendik aurrera marketinaz eta beste arduratuko dira. Horrela planteatu dugu koprodukzioa.

Ez dugu nahi inork erabakitzea gure kantuekin zer gertatuko den edo zer ez den gertatuko, ez dugu ez obligaziorik ez debekurik nahi. Gu gara taldea, eta gauzak guk nahi dugun bezala egin nahi ditugu.

Zein harrera izaten ari dira disko berriko kantuak dagoeneko eman dituzuen aurkezpen kontzertuetan?

Cris: Primeran funtzionatzen ari dira, eta ni beldurtuta nago honezkero udan, jaialdi batean 40 minutu jo behar ditugunean, izango ditugun borrokekin: guk, noski, kantu berriak jo nahiko ditugu, eta aukeratu egin beharko dugu. Musikari gisa, gauza berriak erakusteko irrika izaten duzu, baina publikoan daudenak ere izan behar dituzu kontuan; izan ere, nik, publiko moduan, ezagutzen ditudan kantuak entzun nahi izaten ditut gustuko talde baten kontzertura joaten naizenean.

Lore: Aurretik ere, kantu berri hauek ez genituenean, lanak izaten genituen laurak ados jartzeko; beraz orain? Guk denak jo nahi ditugu!

Cris: Gainera, gure aurpegi ezberdin guztiak erakutsi nahi izaten ditugu. Zaila izango da, baina tira... Hobe kantuak sobera izatea, nolanahi den.

Zer egitasmo dituzue aurretik?

Lore: Londresera goaz! Eta beste toki batzuetan ere, emanaldiak ditugu baieztatzeko. Disko honekin kanpora ateratzea da erronka. Baliteke norabait joan eta lau katu egotea publikoan, baina berdin digu: zure lana erakusten duzu, kanpora atera?

Cris: Europan zehar jo nahi dugu, nahiz eta hiru lagun etorri. Aurrera egin nahi dugu, eremu erosotik, gure testuingurutik atera, eta ikasi.

Lore: Hemen hasi ginenean ere, inor ez zen etortzen gu ikustera, eta orain Kafe Antzokia betetzen dugu. Berriro hastea da kontua, beste toki batean, bestelako ikusle batzuen aurrean?

Zuen inguruan sortu den jakin-nahi eta onespenaren aurrean, zer jarrera duzue?

Cris: Tira, pertsona arruntak gara eta badauzkagu gure beldurrak ere, baina horretan ez dugu tolestura handirik: gustuko duguna egiten dugu, eta, zuzenean harrera ona badugu, ondo pasatzen dugulako da. Ondo pasatu ezean, ez luke zentzurik izango.

BELAKO BBK LIVE. ARGAZKIA: TOM HAGEN

Belako, 2014ko Bilbao BBK Live. Argazkia: Tom Hagen.

Zinebi jaialdian, ?Zelako? performancea taularatu zenuten, zuen musika eta Bergmanen, Tarren eta beste hainbat zuzendariren filmetako irudiak nahasiz. Pozik gelditu zineten emaitzarekin? Horretan sakontzeko asmorik baduzue?

Cris: Bada, nahiko estresatuta ibili ginen, baina, hitza emanda genuenez, lortu egin genuen azkenean. Taldeari beste dimentsio bat eman zion, eta zinemaren eta musikaren arteko elkarrizketa oso interesgarria iruditzen zait.

Gainera, musika arloari helduta, sortu genuen proposamenak bide eman digu toki txikiagoetan-eta jo ahal izateko, gure kantuak formatu elektroniko lasaiago batera lerratu baikenituen. Asko gustatu zitzaigun.

Lore: Egia esan, oso ondo atera zen, baina, oraingoz, ezin dugu gure kontzertuetara eraman, azpiegitura jakin bat (argietako teknikariak, proiekzioak?) eskatzen baitizu, gaur egun gure esku ez dagoena. Jendeak uste du sariak irabazten ditugunez aberatsak garela, baina ez: sariek ez dute dirurik ematen.

Gure soinu teknikaria eramaten dugu, horri ematen baitiogu lehentasuna orain, zuzenean soinu ona edukitzeari. Asko gustatuko litzaiguke, berbarako, argi teknikari bat edukitzea, joko handia ematen baitu horrek. Baina, oraingoz, ez da posible.

Amaitzeko, test bat proposatuko dizuet, ondo baderitzozue.

Aukeratu euskal talde edo bakarlari bat

Cris: Itoiz

Lore: Yellow Big Machine

Atzerriko talde edo musikari bat

Cris: Radiohead

Lore: The Strokes

Etxe guztietan egon beharko litzatekeen disko bat

Cris: ?Ziggy Stardust? (David Bowie)

Lore: El primer disco de Gorillaz.

Abesti bat

Cris: ?Siberian Breaks? (MGMT)

Lore: ?Babe, I?m gonna leave you? (Led Zeppelin)

Kontzertu areto bat

Cris eta Lore: Bukowsky, Donostian. Bertan jotzeko irrikan gaude!

Jaialdi bat

Cris eta Lore: Kutxa Kultur Festibala

Ikusi duzuen kontzertu bat

Lore: Niri asko gustatu zitzaidan Musek Bilbao BBK Liven eman zuena, baina gehien gozatu dudana Goran Bregovicek Euskaldunan emandako bat izan da. Txikitan joan nintzen, gurasoekin, eta gogoan daukat, jende guztia eserita zegoen arren, zutik jarri eta dantza hasi nintzela.

Cris: Radioeheadek BBK Liven emandakoan emozionatu naiz gehien, baina ikusi dudan kontzerturik onena Blurrek 2013ko Primavera Sounden emandakoa izan da.

Film bat

Lore: ?La tumba de las luciérnagas?

Cris: Aurrekoan, ?The Dreamers? ikusi nuen, Bertoluccirena, eta gustatu egin zitzaidan. Oso ederra da, eta erreferentziaz gainezka dago. Zinemaren gaineko tratatu bat da.