Itxi

Musika

Elkarrizketa

Los Brazos: 'magia', umeen minbiziaren aurka

Natxo Velez | eitb.eus

Bizkaitar hirukoteak “Gas” hirugarren diskoa aurkeztu berri du, eta “Magic” kantua ere sortu eta grabatu du, umeen minbiziaren aurkako borrokaren fabore dirua biltzeko.

Magiak, musikak bezala, errealitatea iraultzeko ahalmena du, naturaren legeek agintzen dutena hankaz gora jarri eta ezinezkotzat duguna gure begien aurrean posibletzat irudikatzeko gaitasuna du. Ez diezaiogun geure buruari iruzur merkerik egin, ez batak ez besteak ezin dute berez ezinezkoa dena lortu, baina batzuetan eskuraezina den horretara hurbiltzeko balio izaten digute.

Los Brazos power trio rockzaleak, ideia horren sinestun, "Magic" kantua sortu du, umeek hazkunde aroan pairatzen duten minbiziaren aurkako borrokarako dirua biltze aldera.

"Magic" kantuaren bidez lortzen den diru guztia Anita elkarteak sortu duen nazioarteko ikerketa proiektua bultzatzeko izango da. Sant Joan de Deu Research Foundation Bartzelonako fundazioa du bidelagun elkarteak zeregin horretan, baita UTSSouthwestern Unibertsitateko Zentro Medikoko Amatruda Lab ere.

Alberto Chamorro Koki eta Jose Miguel Gandara Txemi taldekideekin batera Los Brazos osatzen duen Guillermo Gutierrez William gitarrista eta kantariarekin hitz egin dugu, "Magic" kantuaz gehiago jakin, zelan lagundu ahal den galdetu eta, oro har, Los Brazosi eta Gas beren azken diskoari buruz solastatzeko.

Nola erein zen "Magic" ekarri duen hazia?

Gure lagun batek umea gaixorik zuen bikote bati buruz hitz egin zigun; guztien artean, kontzertu bat egin eta haurraren gaixotasunaren inguruan ikertu ahal izateko dirua lortu nahi zuten. Ideia polita iruditu zitzaigun, eta, nola ez, Madrilera joan eta jo egin genuen. Arrakasta handia izan zen.

Urtebete geroago, gauza bera egin genuen Bartzelonan, eta elkarteak ideia gehiago bota zituen. "Luz para Anita" izeneko kantu bat sortua zuten, eta talde askok bideoklip batean bere bertsioa egitea nahi zuten.

Los Brazosekook horretan oinarritutako kantua bagenuenez, bideoklipa gure kantuarekin egin genuen; "Magic" bikaina zen zerbait atsegina egiteko. Gauzak atzekoz aurrera erakutsi ahal genituen: umeak medikuak izango ziren, eta helduak pazienteak.

Gure kantu askotan adiskidetasuna, lagun hurkoarekiko laguntza eta bestearen minaren ulermena jorratzen ditugu; kasu honetan, helduek eta umeek jasotzen duten tratamendua ezberdina izan behar dela da funtsa. Izan ere, minbizia ez da berdina pazientea umea edo heldua izan.

Beraz, dena etorri zen bat. Kantua gitarra eta ahots soilez grabatzeko ideia Koki eta Txemirena izan zen, maketan horrela grabatuta entzun eta gero. Azkenik, Saul Santolariak grabatu zigun, eta bideoklipa neure eta Anton Uribe kameralari fenomenoaren artean egin genuen, gidoi soil batez.

Maila beste koskatxo bat igotzeko, Beau Hill ekoizle ospetsuari bidali genion kantua, nahasi eta masteriza zezan, Chicagora, gure bigarren diskoagatik eskerrak emateko idatzi baitzigun. Idatzi nionean, atsegin handiz lagunduko zigula esan zigun, eta dena egin da horrela, eskuzabaltasunez.

Zehatz-mehatz, zelan lortzen da dirua "Magic"ekin? Zer egin dezake jendeak kanpainan laguntzeko, Itunesen kantua erosteaz gain?

"Magic"ek modu askotan biltzen du dirua: lehenik eta behin, doakoa denez, jendeak Youtubeko gure kanalean bideoa ikusi, kanalean izena eman eta bideoa nonahi eta noiznahi partekatu ahal du. Ahalik eta bisita gehien lortu behar ditugu, eta kanalean izena ematea oso baliagarria da, kanalak zenbat eta erabiltzaile gehiago izan, orduan eta diru gehiago ematen baitu bisita bakoitzak.

Gainera, Itunesetik, Spotifytik eta horrelakoetatik ere jaitsi ahal da, eta diru guztia elkartearentzat izango da.

Interneten, denetarik egin ahal da: tabernaria bazara, kantua lokala ixteko erabili, esaterako; irrati eta telebistan, aurkezlea bazara, jarri, eta ikus-entzulea bazara, eskatu egin ahal duzu; eta, batik bat, zabaldu. Guk kontzertuetan joko dugu, eskubideen bidez dirua biltzen jarraitzeko.

Anita elkartearen webgunean ere diru ekarpenak egin daitezke, nola ez! 250.000 euroko helburura heltzen bagara (eta heltzen saiatuko gara), "Magic" beste zerbaiterako erabiltzea pentsatu dugu.

Sortzaile gisa, zelan bizi izan duzu horrelako kanpaina batean parte hartzeko esperientzia? Zelan aurre egin diozu horrenbeste jendek egunero bizi eta sufritzen duenari musika jartzeko erronkari?

Ezin gara besteen buruan sartu, baina nola aitaren paperean hala umearenean norberak horrelako zerbait nola biziko lukeen pentsatu ahal duzu. Erronka da, bai, zuk diozun bezala, horrelako zerbaitetan jardutea.

"Magic"eko hitzetan, guretzat unibertsala den zerbait azaltzen da: kalteduna ez da gaixorik jartzen dena bakarrik, bi aldeok arindu behar izaten dute mina, denok beldurtzen baikara ulertzen ez dugun zerbaitek mugiezintzat daukaguna astintzen duenean.

Pertsonok batzen gaituzten gauzak urruntzen gaituztenak baino gehiago dira, eta guri gertatu zaigun zerbait beste bati gertatzen zaiola ikusten dugunean konturatzen gara horretaz: denok berdintsuak garela ikusteak berak arindu egiten du mina.

Gas

Zer aurkituko du entzuleak Gas zuen disko berrian?

Gas rock klasikoko disko oso entretenigarria da, eta, gure ustez, oso garaikidea ere bada. Musika aldetik, barietate handia dago, eta, apalki, musikaren historiako urte asko gure musikan sartzen saiatu gara.

34 minutu irauten duten 9 kantu dira, diskoa azkar pasatzen da, oso zuzena da eta amaieran atseden hartzeko luxua aitortu diogu geure buruari. Zuzen-zuzenean grabatuta dago, eta tresna bat ere ez da gerora sartu.

Asko pentsatu dugu nola izango zen, hasieratik bukaerara: korteak, erritmoak, hitzak, azalaren diseinua… Dena asko landu dugu gaur egun eskatzen zaigunari, gure baliabideak azken muturreraino baliatu beharrari, erantzuteko. Oso harro gaude emaitzaz.

Los Brazos

"Telefonoa gelditu gabe ari da"

Zelan joan dira aurkezpen kontzertuak?

Oraingoz, oso zirraragarria izaten ari da, jarraitu gaituen jendea eta gu geu oso pozik gaude dena oso ondo ateratzen ari da eta. Telefonoa jo eta jo ari da, eta, jendearen harrera ere aparta denez gero, une gozoa bizitzen ari gara: diskoa irratian eta toki guztietan etengabe dago.

Kontzertuak beti joan dira ondo, egia esan, eta orain, are hobeto, edo horretan saiatzen gara behintzat.

Taldea agertoki baten gainean jaio zen, Willyk zeukan tabernan antolatzen zituzten jam sesion-etan. Estudioko ekoizpen handien garaian, zuzenekoa da oraindik Los Brazosen oinarria, ezta?

Zuzenekoa da musikaren koska, gure ustez: musikariek benetako zerbait nola sortzen dituen ikusten du publikoak, bikainak ez izanda ere zure memorian betiko geldi daitezkeen gauzak. Bakoitzaren barnean efektu ezberdina izaten duten sormen lanak jasotzen dituzte ikusleek.

Zuzenekoa ikusi egin behar da, honen guztiaren alderik hunkigarriena da: aisialdia inporta bazaizu, aprobetxatu egin behar duzu. Guk bizi nahi dituen ororekin partekatzen ditugun uneak sortzen pasatzen dugu gure aisialdia.

Estudioko diskoekin gauza ikaragarriak egin ahal dira, eta baliteke aurrerago ekoizpen erraldoi bat egitea, nork daki. Ideia onak sortuz gero, ezin diezu muzin egin, baina zuzenekoak bizi gaitu, eta zuen bila goaz!

"Gehiago"

Eta orain, zer plan dituzue aurrera begira?

Berdin jarraitu nahi dugu, haziz, toki gehiagotara joateko, jende gehiago ezagutzeko, gustuko ditugun kantu gehiago sortzeko eta, ahal badugu, musika gehiago partekatzeko, diskoen, kontzertuen edo otutzen zaigun beste bideren baten bidez.

baten bidez.