Musika
Oskorriren agurra
Agur 'euskal folkaren erreferente nagusia izan den talde handi bati'
Natxo Velez | eitb.eus
Agurra iragarri zutenetik, etengabeak izan dira musikazaleongan Oskorriren ibilbide oparoarekin lotutako oroitzapenak, hausnarketak… Taldea gertutik jarraitu duten zenbati lagunengana jo dugu.
Oskorri taldeak 40 urteko ibilbidea amaitutzat eman du. Taldearen azken bira Getxo Folk jaialdian abiatuko da, eta azaroan emango dute azkeneko kontzertua, Arriaga Antzokian, Bilbon.
Talde maitatuaren bideari ikuspuntu ezberdinetatik begiratu dioten eta oskorritarrek bidelagun izan dituzten hainbat pertsonarengana jo dugu, albistea nola hartu duten jakiteko.
Kepa Junkera
Bilbotar trikitilariak une asko partekatu ditu Oskorri taldeko kideekin, Alemanian euskaraz 1984ko diskoan beraiekin batera jotzen hasi zenetik.
Zer izan da Oskorri euskal musikarentzat?
Nire ustez, Oskorri ez da inoiz joango, orain arte egin dutena euskal musikarentzat ?ezinbestekoa eta oinarrizkoa? izan baita.
Musikariontzat, hamaika ate eta leiho zabaldu dituzte euren proposamenek, eta, herritarrentzat oro har, soinu-banda jarri dute hainbaten bizitzetan.
Niretzat pertsonalki, paregabea izan da ondoan izatea: eurek zabaldu zizkidaten estudioetarako eta zuzenekoetarako ateak. Lanean nola jardun diren bertatik bertara ikusi dut, eta inguruko denekin nola portatzen ziren ikusi ere, baita arlo guztiak, den-dena, muturreraino nola zaintzen zuten ere.
Zer etorri zaizu burura haien agurraren berri izandakoan?
Ez dut betiko agur gisa ikusten, beren obra hor dago eta. Jotzeari uzteari dagokionez, denoi helduko zaigu unea, eta datorren bezala hartu behar dugu: ixten diren aroak dira, besterik ez.
Ni ez naiz nekatzen beren diskoak entzuteaz, eta euren abestiekin eta eurekin pasatu ditudan uneekin gelditzen naiz.
Aukeratu haien ibilbideko kantu bat
Asko daude, baina Alemanian euskaraz diskoko bat aukeratuko nuke, beraiekin batera grabatu nuen lehen lana izan baitzen hori. Ez dakit bada nik; ?Furra furra?, ?Tirauki?? Asko maite dut disko hori.
Juan Carlos Perez
Euskal musikariak, Itoiz taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea izan zenak, Oskorrik "hutsune nabarmena" utziko duela azpimarratu du.
Zer izan da Oskorri euskal musikarentzat?
Oskorri talde handia izan da, ibilbide eta nortasun nabarmenak izan dituena. Euskal musika bete egin du; izan ere, bere bidea egin duen talde oso interesgarria izan da, eta bide eta hizkuntza propioa eraiki ditu.
Estetikoki gugandik urrun zegoen, baina guretzat eragina izan zen; ez estilo aldetik beharbada, baina bai beste gauza batzuetan.
Zer etorri zaizu burura haien agurraren berri izandakoan?
Pena izan da etorri zaidan lehen sentipena, baina lege naturalari ere erantzuten dio erabakiak: denbora aurrera doa.
Dena dela, hutsune oso handia utziko dute folk munduan, euren proposamena folklore kreatiboa zelako, sortu egiten zuten.
Aukeratu haien ibilbideko kantu bat
Asko daude, eta, nahiz eta oso ezaguna izan, ?Euskal Herrian Euskaraz? esango dut.
Ibon Koteron
Bilbotar albokariak taldeak folk musika publiko guztiei gerturatu ziela esan du.
Zer izan da Oskorri euskal musikarentzat?
Euskal folk musikan, erreferente nagusia izan da Oskorri. Ez dute folk aspergarria egin, baizik eta guztiok entzuteko moduko folk eguneratua, eta ezingo genuke ulertu euskal folk musika Oskorri gabe.
Zer etorri zaizu burura haien agurraren berri izandakoan?
Egia esan, oraintxe jakin dut, eta hemen nabil, Interneten-eta, gehiago jakin guran.
Aukeratu haien ibilbideko kantu bat
Asko daude, jakina, baina In fraganti diskoko bat esango nuke, lan hori bereziki gustatzen baitzait; ?Martin Galox?, esaterako.
Josu Camara (Kukubiltxo)
Kukubiltxo antzerki taldeko kidearen hitzetan, "bizirik" jarraituko du Oskorrik.
Zer izan da Oskorri euskal musikarentzat?
Euskal munduari kantu tradizionalak eta kantu berriak arnasteko aukera eman dio Oskorrik. Adin guztietako lagunek disfrutatzeko moduko lana egin dute.
Zer etorri zaizu burura haien agurraren berri izandakoan?
Nostalgia eta pena puntu bat utzi dit albisteak. Kukubiltxon urte asko egin ditugu Oskorrikoen ondoan: gure artean maitasun harreman baten modukoa sortu zela esaten genuen: erlazio pertsonala beroa eta sendoa zen, taldekide guztiak kalitate handiko pertsonak direlako.
Desagertuko ez den proiektu bat bezala ikusten dut eurena, herriak behar duen proiektua delako. Markatu dituzten doinuek eta egiteko moduek iraun egingo dute bai gure barruan bai belaunaldi berrientzako jarduera eredu gisa ere.
Oskorrik bizirik jarraituko du.
Aukeratu haien ibilbideko kantu bat
?Gaztelugatxe" dut gogokoenetako bat, milaka unetan lagundu didalako. Hozkirria sortzen dit kantu horrek bereziki, nahiz eta beste asko ere sarritan izan ditugun lagun.
Jesus Cifuentes, Cifu (Celtas Cortos)
Celtas Cortoseko abeslari eta konposatzaileak 80ko hamarkadaren erdialdean ezagutu zuen euskal taldea, eta, harrezkero, gertu-gertutik jarraitu du haien ibilbidea, taldeak ?Introversiones? diskoan ?Aita-semeak? kantuaren moldaketa bat sartuta erakutsi zuen bezala.
Nola ezagutu zenuen Oskorri?
Duela urte piloa ezagutu nituen, 80ko hamarkadaren erdialdean. Ni folk musikaren atetik sartu nintzen musikara, Salamancako gaita eta daborila jotzen nituen, eta asko interesatzen zitzaidan estilo hori eta haren inguruko guztia: lurrarekiko lotura, erregionalismoa?
Bide horretan agertu zen Oskorri; nire musikarako lehen iturburuetako bat izan ziren.
Garai hartan, Calderon Valladolideko antzokira etorri ziren, eta zirraragarria izan zen emanaldia. Harrezkero, haien ibilbideari adi egon naiz, eta kantuak ere ikasi ditugu, errepikatu eta errepikatu.
Nola hartu duzu agurraren albistea?
Egia esan, ez dut albistea neureganatzeko astirik izan. Beren arrazoiak izango dituzte, seguru: urte askoko ibilbidea da.
Baina pena ematen dit: asko eman didate musikaren ikuspegitik. Oso musikari finak dira, maila handikoak, eta soinu berria eman diote musika tradizionalari.
Gogorra da, inori ez baitzaio gustatzen atsegin duen hori bukatzea, baina neuretzat ere nahiko nuke 45 urteko ibilbidea maila horretan, dotorezia horrekin, bukatu. Harro egon daitezke oso.
Beren errepertorioko zein kantu aukeratuko zenuke?
?Aita-semeak? aukeratuko nuke. Hitzak oso gertukoak iruditzen zaizkit, eta horixe hautatu genuen gure bertsio diskoan sartzeko. Gure musikaren iturburuei egin genien omenaldia da disko hori, eta Oskorri bertan egon behar zen.