Itxi

Musika

Kontzertua

Elton John BECen arituko da, azaroaren 2an

Erredakzioa

Musikari britainiarrak 12.000 lagunentzako kontzertua emango du BECen, horren hamargarren urteurrena dela. Sarrerak apirilaren 25etik aurrera erosi ahalko dira. 50-60 euroan merkeenak.

Elton John britainiar musikari mitikoa Bilbao Exhibition Centerren zuzenean izango da, azaroaren 2an, Bizkaiko erakustazokaren hamargarren urteurrenean.

Bizkaia Arenan izango da kontzertua, BEC barruan, 12.000 lagunentzat. Denak ere eserita egongo dira, eta sarrerak apirilaren 25etik aurrera erosi ahalko dira, Merkeenak 50-60 euro kostatuko dira.

Bizkaian lehenengoz joko du 67 urteko pianista, konposatzaile eta abeslariak. Aurretik, Iruñean egondakoa da, 1995ean, eta Donostian ere jo zuen, 1986an. Euskal Herrian azkenekoz duela hamar urte egon zen kontzertua ematen, Baionan.

Elton Johnek eta bere taldeak emango duten kontzertua "The Diving Board" diskoa aurkezteko birari dagokio, baina haren garai guztietako klasikoak ere entzungo dira, dudarik gabe.

Aurten, Elton John "Goodbye Yellow Brick Road" diskoaren 40. urteurrena ospatzen ari da. Arrakastaz gainezka egon den musika ibilbidean, Elton Johnek urrezko 35 disko eta platinozko 25 jaso ditu, 250 milioi ale salduta.

1969an hasi zen musikagintzan, eta, orduz geroztik, 3.000 kontzertu eman ditu mundu zabalean.