Itxi

Musika

Uztailaren 2tik 6ra

Michel Camilo, Jack DeJohnette eta Natalia Dicenta, Getxo Jazzen

Erredakzioa

Pianista hilaren 5ean egongo da Getxon. Jack DeJohnette bateria, berriz, hilaren 3an egongo da; Miles Davis, John McLaughlin, Chick Corea eta Dave Hollandekin jo du bere ibilbidean.

  • Michel Camilo. Argazkia: EiTB.

    Michel Camilo. Argazkia: EiTB.

Getxoko Nazioarteko XXXVIII. Jazzaldia uztailaren 2tik 6ra egingo dute, eta bertan izango diren hainbat artistaren izena iragarri dute. Egun handian, hilaren 5ean, Michel Camilo jazz latinoaren maisua igoko da Getxoko agertokira.

Hilaren 2an, Natalia Dicenta aktore eta kantaria eta, hilaren 3an, Jack DeJohnette estatubatuar perkusio-jotzailea, jazz fusioaren erakusgarri gorenetako bat, izango dira eguneko izarrak. Egitarauan, beste bi zuzeneko izango dira, baita Taldeen Lehiaketako kontzertuak, Hirugarren Milurtekoa atala eta egunari azkena ematen dioten eguneroko jam session-ak ere.

Michel Camilo (Santo Domingo) jazz latinoko izar distiratsuenetakoa da. Teknika arrunt landuko konposatzaile handia da; 16 urte zituela Musika Eskola Nazionaleko irakasle eta Orkestra Sinfonikoko kidea zen dagoeneko.

1979an, New Yorkera joan zen, ikasten jarraitzeko, eta "Why Not!", bere lehen arrakasta handia, idatzi zuen: Paquito D'Riverarekin grabatu zuen, gero Mahattan Transferrek egin zuen bezala. 1985ean, Carnegie Hallen lehenengoz jo zuen, hirukote formatuan, eta nazioarte mailako ibilbide oparoa abiatu zuen.

"Michel Camilo", "On Fire", "The Other Hand" eta "Live At The Blue Note" dira jazzaren eremuan argitaratu dituen lan nabarmenenak. Musika klasikoan ere aritzen da Camilo: hainbat disko argitaratu ditu, Dominikar Errpublikako Orkestra Nazionala zuzendu du eta AEBko Orkestra Sinfonikoko zuzendarikidea izan da.

Artista askorekin batera jo du, eta hiru Grammy sari bereganatu ditu, azkena "What's Up?" lanaren ordainetan. Getxon beste bi aldiz jo du, eta, oraingoan, Lincoln Goines kontrabaxu-jotzailea eta Cliff Almond izango ditu lagun.

Bestalde, Natalia Dicentak (Madril, 1962) aktore lana eta musikagintza uztartu ditu. Azkenaldian, goraipamen eta lausenguak jaso ditu, kritikari adituen aldetik, eta arrakastatsu aritu da zuzeneko emanaldietan.

Getxon, "Colours" bere lehen diskoko kantuak joko ditu: swinga, bluesa, rhythm and bluesa, boleroa...

Jack DeJohnette (Chicago, 1942) bateriaren mitoa da. Charles Lloydekin batera hasi zenetik, abangoardiako musikariekin aritu da, jazzik jatorrena ahaztu barik.

Besteak beste, Miles Davis, John McLaughlin, Chick Corea eta Dave Holland izan ditu ondoan, eta Keith Jarrettekin soinez soin aritu da lankidetzan, sarritan.

"Bitches Brew" eta "Live Evil: Miles Davis at the Fillmore" disko eraginkorrak grabatu zituen, Miles Davis tronpetistarekin batera.

Gero, Special Edition taldea sortu zuen, eta beste musikari askorekin jo zuen: Pat Metheny, Herbie Hancock, Eliane Elias, John Scofield...