Itxi

Musika

Disko berria

Travellin' Brothers bidaia musikal berrian datoz

Natxo Velez | eitb.com

Leioako taldeak swing eta jazz ukitu nabarmenagoz jantzi ditu blues sustraiak "Magnolia Route" disko berrian, taldea sortu zutenetik hamar urte bete direnean.

Taldearen hamargarren urteurrenean, Travellin' Brothersek bidaia musikal berri bati ekin dio, Chicagotik New Orleansera, Magnolia Route errepidean barrena. Hain zuzen, hori da Gaztelupeko Hotsak zigiluak merkaturatutako diskoaren izenburua.

Magnolia Route Chicago eta Gulfport Mississippi estatuko hiria lotu zituen lehen errepidea izan zen. 1927an inauguratu zuten aurretik trenak bakarrik lotzen zituen bi hirien arteko bidea.

87 urte geroago, 2014an, Travellin' Brothers taldeak, 10 urte bete dituela ospatzeko, bidaia musikal berri bati ekin dio. Musika afroamerikarraren erroetan zeharkaldia egin du, hamarkadarik hamarkadara jauziak eginez.

Seigarren diskoa dute Magnolia Route, blues sustraietatik abiaturik ikuspegia zabaldu eta big band batekin batera zuzeneko disko bat argitaratu eta gero.

Gipuzkoar diskoetxeak azaldu duenez, "30. eta 40. urteetako Big Bandek berezko zuten estiloko swing eta jazza topatuko ditugu 'Magnolia Route' albumean, Mississippiko deltako hotsak, New Orleanseko jaia, Nashvilleko country soinuak, Memphiseko Stax Studiosen estiloko soul eta gospela, New Yorkeko Big Banden estiloko mambo ukitu latinoekin eta, nola ez, Chicagoko bluesa".

Diskoa martxoaren 7an aurkeztuko dute zuzenean, Bilboko Kafe Antzokian.