Musika
Uztailaren 24tik 28ra
Lee Konitzek jasoko du Donostiako Jazzaldia Saria
Erredakzioa
Lehenago ere egona da Konitz Donostiako Jazzaldian, 1978an hain zuzen ere. Musikariak cool jazz delakoaren jaiotzan parte hartu zuen.
-
Lee Konitz saxofonista sarituko du Donostiako jazzaldiak. Argazkia: Heineken Jazzaldia
Lee Konitz jazzaren historiaren funtsezko musikariak jasoko du aurtengo Donostiako Jazzaldia Saria. Aurrez iragarri bezala, jazza zabaltzen komunikabideetan lan eskerga egin duen Juan Claudio Cifuentesi ere emango zaio Donostiako Jazzaldia Saria.
Lee Konitz Chicagon jaio zen, 1927an. Charlie Parker handiak saxo altu jotzaile guztien gainetik distiratzen zuenean, bere nortasunari eta doinuari eutsi zien saxofoi-jotzaile gutxietako bat izan zen. Konitzek Lennie Tristano piano-jotzailearen itzalean ikasi zuen, hura izan zen jazzaren lehenengo hamarkadetako musikari berritzaileenetariko bat, eta geroago, Konitzek berak izan zuen eragina zenbait musikari interesgarriengan, esaterako Art Pepper eta Paul Desmond artistengan.
Konitzek cool jazz delakoaren jaiotzan parte hartu zuen, Miles Davisen Birth of the Cool lanaren grabaketa saioetan egon baitzen. Diskoa 1957ra arte atera ez bazen ere, 1949 eta 1950 artean grabatu zuten. Miles Davisek kritikak jaso zituen Konitz kontratatzeagatik orduan lanik gabe zeuden zenbait musikari beltzen aldetik.
Lee Konitz bere c Miles Davisekin batera, lehen aipatutako Birth of the Cool lanaz gain, Miles Ahead (1957) ere grabatu zuen; Bill Evansekin Crosscurrents (1977); Charles Mingusekin Charles Mingus and Friends in Concert (1972); Gerry Mulliganekin, Konitz Meets Mulligan (1953). Horiez gain, beste zenbait musikari garrantzitsurekin jo izan du, esaterako Dave Brubeck, Ornette Coleman, Elvin Jones, Stan Kenton eta Gil Evansekin.
Lee Konitz lehenago ere egona da Donostiako Jazzaldian, 1978an hain zuzen ere, Clark Terry tronpeta-jotzailearekin batera liderra zuen boskote batekin, eta 1995ean, Paul Motian bateria-jotzailearen boskotearekin. Oraingoan laukote baten buru etorriko da, Dan Tepfer (pianoa), Jeremy Stratton (baxua) eta George Schuller (bateria) musikariekin, hain zuzen.