Musika
Uztailaren 24tik 28ra
Marc Ribot Diana Krallen gitarrista gonbidatua izango da Jazzaldian
Erredakzioa
Gitarrista ospetsuaren emanaldia uztailaren 28an izango da. Horrez gain, Donostiako Jazzaldiak, besteak beste, Jamie Cullum, Lee Konitz, John Zorn, Hiromi eta Dave Douglas artistak bilduko ditu.
-
Marc Ribott gitarrista ospetsua. Argazkia: Jazzaldia
Marc Ribot gitarra-jotzaile entzutetsuak artista gonbidatu gisa joko du Diana Krall piano-jotzaile apartak Jazzaldian eskainiko duen kontzertuan, uztailaren 28an, 17:30ean Kursaal Auditorioan.
Taldearen formazioa, beraz, hau izango da: Diana Krall (pianoa, ahotsa), Stuart Duncan (gitarra, biolina), Aram Bajakian (gitarra), Dennis Crouch (baxua), Patrick Warren (teklatuak) eta Karriem Riggins (bateria).
Marc Ribot, gainera, Masada Marathonaren giltzarrietako bat da. John Zornek zuzendua, uztailaren 27an izango da Kursaal Auditorioan, 18:00etan, Heineken Jazzaldiaren programazioaren barruan.
Gitarra-jotzaile sortzaileenetako bat bezala errekonozitua, eta teknika ezinhobearen jabe, Marc Ribotek askatasun osoko parametroen barruan idatzi eta interpretatzen du bere musika. 1999an eta 2012an Ribot Jazzaldian egon zen Los Cubanos Postizos taldearekin, eta baita 2008an ere, Ceramic Dog hirukoaren buru bezala.
Diana Kralli dagokionez, gaur egungo jazzaren diva da, zalantzarik gabe. Bikaina da bai pianista gisa bai abeslari gisa, eta lortu duen arrakasta maila eta saldu dituen disko kopurua ez da ohikoa jazzaren munduan. Egiten duenak jendearen artean arrakasta handia izateak ez du esan nahi kultuzkoa ez denik.
Horrela, Ribot eta Krall uztailaren 24tik 28ra bitartea Donostian izango den Jazzaldian parte hartuko dutela iragarri dituzten azken artistak dira. Jaialdian izango dira, besteak beste, Jamie Cullum, Lee Konitz, John Zorn, Hiromi, Dave Douglas, Pharoah Sanders, Elvis Costello eta Belle and Sebastian ere.