Musika
Jaialdiak
Jazzik onena Euskal Herrira itzuliko da uztailean
Jazz jaialdiek Euskal Herria hartuko dute uztailean: 3tik 7ra Getxon, 16tik 20ra Gasteizen eta 24tik 28ra Donostian.
Gaur egungo zein betiko jazz doinuak Euskal Herriko hondartza, enparantza eta kaleetan entzungai izango da uztailean. Hilabete horretan egingo baitituzte aurten ere Getxoko, Gasteizko eta Donostiako jazzaldiak.
Aurten ere, eta hamar urte bete dituzte dagoeneko, Eusko Jaurlaritzak promozio-kanpaina berezia prestatu du kalitatezko turismoa erakartzeko. Hiru jaialdiak uztailaren 3tik 7ra (Getxon), 16tik 20ra (Gasteizen) eta 24tik 28ra (Donostian) egingo dira.
Getxoko jaialdiak irekiko du denboraldia, Stacey Kenten ahotsarekin, Ignacio Berroa perkusionistarekin eta Al di Meola gitarristarekin. Gainera, Wynton Marsalis tronpeta-jotzailea izango da Getxoko zitako izar nagusietako bat. Gasteizko jaialdia, bere aldetik "Musika ona garai zailetarako" du lema. Aurreko urteetan bezala, jaialdiko ezaugarri nagusia kontzertu esklusiboak dira. Gaur egungo musikari garrantzitsuenetarikoek Espainian egingo duten geldialdi bakarra izango da, tartean Chic Corea eta Paco de Lucia, 12 urteren ostean elkarrekin joko dutelarik.
Donostiako jazzaldia izango da azkena, hiruetatik beteranoena. Jazz doinu klasikoak zein iturri horretatik edaten duten musika berriak ere izango dira bertan. Hori eta eskaintza turistikoa eta gastronomikoa bultzatu nahi dute Gipuzkoako hiriburuan. Jamie Cullum eta Elvis Costello izarrak izango dira eta baita Diana Krall abeslaria ere, Kursaal auditorioan.