Musika
Uztailaren 16tik 20ra
Chick Corea eta Paco de Lucia, Gasteizko Jazzaldiko protagonistak
Erredakzioa
Arabako hiriburuko ekimenak 60 kontzertu eskainiko ditu. Horietatik 45 doakoak izango dira.
-
Gasteizko Jazzaldiko egitarauaren aurkezpena. Argazkia: EFE
Gasteizko Jazzaldiak 37. edizioa du honakoa, eta krisiaren eragina nabaritu duen arren (aurten egun bat gutxiago izango du), uztailaren 20an Paco de Luciak eta Chick Coreak eskainiko duten kontzerturako sarreren % 70 erreserbatuta daudela iragarri dute antolatzaileek.
Jazzaldiko presidenteak aurtengo edizioa aurkezteko ekitaldian azaldu duenaren arabera, "garai zailetan musika ona eskainiko du".
Mikel Urmeneta (Kukuxumusu) artistak diseinatu du aurtengo jaialdiaren kartela eta, Añuaren esanetan, "onenetako bat da". Egilearen ustez, hainbat irakurketa ditu.
2013ko Jazzaldia uztailaren 16tik 20ra bitartean egingo dute, eta Chick Coreak eta Paco de Luciak joko duten kontzertua izango da eskaintza esanguratsuena.
Guztira, ekimenak 60 kontzertu eskainiko ditu. Horietatik, 45 doakoak izango dira, eta, krisiak murrizketak egitea eragin duen arren, egitaratuak Estatuan "bakarrik" eskainiko dituzten 15 kontzertu jasotzen ditu. Aurten ere artista handiak izango dira Arabako hiriburuan, Ibrahim Maalouf (uztailak 17), esaterako; bigarrenez etorriko da Gasteizera
Gainera, Bill Frisell eta Pat Metheny ere arituko dira Mendizorrotzako agertokian.
Uztailaren 18an, Jacky Terrasson eta Melody Gardot artisten txanda helduko da.
Hilaren 19an (ostirala), Tom Harrell (tronpeta) eta Branford Marsalis (saxoa) handien emanaldiaz gozatzeko aukera eskainiko dute.
Larunbatean, uztailaren 20an, izango da Chick Corearen eta Paco de Luciaren gaua.
Aurtengo Jazzaldirako, antolatzaileek akordioa lortu dute Renferekin, eta Gasteizera trenez joaten direnek % 30eko deskontua izango dute treneko txarteletan.