Itxi

Literatura

Itzulpena

Gema Lopez Las Herasek euskaratuko du "Barazkijalea" Han Kang Nobel saridunaren eleberria

N. V. | EITB Media

Jokin Zaitegi Nobel saridunak euskaratzeko lehiaketaren aurtengo irabazlea da Lopez Las Heras. "Barazkijalea" Han Kang idazle korearraren eleberria 2025 urte amaieran egongo da euskaraz irakurgai.

  • Gema Lopez Las Heras

    Gema Lopez Las Heras

Gema Lopez Las Herasek aurkezturiko proiektuak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko Arrasate Euskaldundu Dezagun elkarteak eta Elkar argitaletxeak Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzaz antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa.

Xabier Etxeberriak, Joannes Jauregik eta Leire Vargasek osaturiko epaimahaiak hartu du erabaki hori. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun izendaturiko Han Kang idazle korearraren Barazkijalea eleberria euskaratu beharko du itzultzaileak, eta 2025 urte amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak.

Itzultzaileak Sora Ryu korear euskaldunaren laguntza izango du jatorrizko hizkuntzaren ezagutza eta itzulpenaren bermea ziurtatzeko. Gema Lopez Las Herasek duela bi urte ere irabazi zuen Zaitegi saria, eta Annie Ernaux idazle frantsesaren Emakume izoztua euskaratu zuen.

Sari horri esker, idazle hauen lanak irakur ditzakegu euskaraz gaur egun: Imre Kertsesz, J.M. Coetzee, Elfriede Jelinek, Harold Pinter, Orhan Pamuk, Doris Lessing, J.M.G. Le Clézio, Herta Müller, Mario Vargas Llosa, Tomas Tranströmer, Mo Yan, Svetlana Aleksievitx, Bob Dylan, Kazuo Ishiguro, Olga Tokarczuk, Peter Handke, Louise Glück, Abdulrazak Gurnah, Annie Ernaux eta Jon Fosse.

  • kargatzen