Literatura
Elkarrizketa
Miren Amuriza: "Zirkunstantziak deskribatzeak ematen dio egiantzekotasuna kontakizunari"
Natxo Velez | EITB Media
Berriztar idazleak "Pleibak", bere bigarren eleberria, argitaratu du Susa argitaletxearen eskutik, betiko iraungo zuela irudituagatik ere halako batean kraskatu zen laguntasun bati egindako autopsia zorrotza.
-
Miren Amurizak "Pleibak" argitaratu du, bere bigarren eleberria
Miren Amuriza bertsolari eta idazleak (Berriz, 1990) lau zutaberen gainean altxatu du Pleibak (Susa, 2024), bere bigarren eleberria: zikinak jandako hizkuntza batean, Joneren eta Pollyren arteko adiskidetasunaren sigi-saga eta bidegurutzeetan, paisaia "rural-poligonero" batean eta belaunaldi baten erretratuan bermatuta dago nobela.
Behinolako lagun hurkoari "asaldura biszeral retroaktiboz" zuzentzen zaio Jone Pleibaken, abaila gorrian pasatzen den oroitzapen, gogoeta eta sentimenduen parrastada atergabe eta sarkorrean. Amurizak ahalegin eskerga eta eskergarria egin du eleberriko hizkuntza zikintzen, jarioa inoiz ez hausteko hitzak kontu handiz mamiz zamatzen, inoiz ere apurtu gabe, eta adierazkortasunaren gorazarrea den erregistroa lortu du Joneren ahotan.
Halaber, 2000ko hamarkadako nerabeen mundurako leiho bat ere zabaltzen du liburuak, Hemendik At!, idi uztarridun koadro bukolikoak, "Bertatik Bertara" eta arrano beltzak "El Diario de Patricia"rekin, Chenoaren posterrekin, a bilduekin eta Spice Girlsekin nahasten diren aro bat erakusteko.
Horretaz guztiaz eta gauza gehiagoz hitz egin dugu Amurizarekin.
Bigarren eleberria duzu Pleibak, 2019an Basa argitaratu ondoren. Zer eragin izan du aurreko esperientzia hark eleberri berri honetan?
Idazketa prozesuari dagokionez, lehenengoan ez nekien zer zen liburu bat idaztea. Nahiko modu intuitibo eta desordenatuan egin nuen orduan aurrera, beraz: ahal izan nuen moduan. Bigarren honetan, beste era batera egin ahal izan dut banekielako, gutxi gorabehera, zer zen hau.
Eta argitaratu ondoren ere, berdin. Aurrekoan, sentsazioa nuen suak piztu ahala amatatzen nindoala nolabait, eta oraingoan azala apur bat gogortuago atera naiz, arnasa apur bat gehiagorekin: aurkezpenak eta elkarrizketak prestatu…
Zerk batzen eta zerk ezberdintzen ditu bi lanok?
Bi istorio erabat ezberdin dira. Paisaia konpartitzen dute gutxi gorabehera, biak daude mundu rural horretan errotuta, baina ez daukate zerikusirik Basan mundu hori deskribatzen den moduak eta Pleibaken deskribatzen den moduak.
Miren Amuriza, 'Hitzetik Hortzera' saioan
Azal gogortuago horrek idazteko modu ezberdina ere ekarriko zuen.
Lehen liburua idaztea umiltasun lezio handia izan zen niretzat. Nik uste nuen nire bizitzako liburu guztiak batera idatzi behar nituela lehenengoan. Hasieran, asmo handiekin proiektatzen duzu, eta gero, idatzi ahala, zure gaitasuntxoak noraino heltzen diren konturatzen zara.
Nahiko nire neurrira ekarri ninduen hark, eta oraingoan kontzienteagoa izan naiz egin ahal nuenaz eta oraindik egin ezin dudanaz. Energia inbertsioa eta emaitza pixka bat orekatuago egon dira.
Zer da "pleibak" egitea eta zerk ezberdintzen du "play-back" egitetik?
"Pleibak esaten den moduan idazten da": horrelaxe hasi nituen aurkezpenak.
Hainbat gauza batera da "pleibaka": zeurea ez den ahots bati hitzak jartzea; atzera begirako bat egitea, rewind eta play hainbeste aldiz sakatu eta gure nerabezarora, 2000ko hamarkadara, joan-etorrian ibiltzea; eta plazara ondo inguratuta ateratzea, bakarrik kantatu edo dantzatu arren.
Idazkerari buruz, liburuan zer hautu linguistiko mota datozen aurreratzen duelako erabaki genuen horrela jartzea. Ahozkotik eta nerabe batzuen hizkeratik ahalik eta gertuen egongo den mintzaira bat sortu nahi izan dut.
Jone eta, zeharka, Polly pertsonaiak, adiskidetasun baten amaiera, "zikinak jandako hizkuntza" bat eta belaunaldi baten erretratu bat dira Pleibaken osagai nagusiak. Zein bide ireki zen lehenago eta nola joan dira adarkatzen horiek guztiak liburua osatzeko?
Batzuetan, istorio batetik, gai batetik edo gertakizun jakin batetik hasten gara idazten, baina, kasu honetan, hizkuntzarekin proba jakin batzuk egitea izan da motorra, motibazio nagusia.
Erregistro bat landu nahi nuen, eta hortik hasi nintzen ahots hori gorpuztuko zuen pertsonaiaren bila. Gero, horrek eraman ninduen nerabeen unibertsora, eta, konkretuki, gure nerabezarora.
Presenteen neuzkan nerabezaroko bizipenak lagunei lotutakoak dira, eta, bereziki ukitzen ninduelako, haustura edo urruntze baten kronologia hau osatzen joan nintzen. Beste harreman mota batzuetan, harreman sexu-afektiboetan eta bikote harremanetan, badago hausturen inguruko iruditeria bat, hiztegi konkretu bat, baina iruditzen zitzaidan hainbeste esploratu bariko terreno bat zegoela laguntasunaren kasuan. Denok izan gara hor, lehenago edo geroago, eta pisu handia izan dute dolu eta haustura mota horiek gutako askorengan.
Hor hasi nintzen harreman horren kronologia osatzen, eta, horrekin batera, girotze lana egiten. Basan bezala, ahalik eta konkretuena izaten eta giroaren, garaiaren eta lekuen ahalik eta erreferentzia gehien ematen saiatu naiz, zikinak jandako hizkuntza horrekin batera, guk garai horretan inguruan geneuzkan erreferentzia guztiak jasotzen.
Beldur izan zara erreferentzia zaparrada horrek kontakizuna belaunaldi jakin batekin estuegi lotuko ote zuen?
Bai eta ez, baina ezago bai baino. Gezurra esango nizuke esango banizu irakurleak ez zaizkidala inporta eta gauza horiek guztiak. Beti daukazu presente, eta idaztea komunikazio ekintza bat den neurrian, ahalik eta jende gehienengana heldu nahi izaten duzu.
Hala ere, hain argi nuenez zer egin nahi nuen balantzan irabazten irteten nintzen. Gure garaiarentzako liburu bat da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi goragotik edo beheragotik jendeak ezin dezakeenik harrapa.
Gainera, beste gauza bat ere pentsatu nuen. Idazle helduagoak, gehienetan gizonezkoak, irakurtzen hasi ginenean, nik ez nekien nor zen Corto Maltese edo olivetti bat zer zen, ez nekien nor zen Brassens, baina zerbait irakurtzera edo ikustera zoazenean, perspektiba zabal samarrarekin joaten zara, eta jasotzen duzu. Gu aurrekoen erreferenteak jasotzera zabalik egon garen bezala, pentsatzen dut nahi duenak hartuko duela hau ere.
Idazten egon naizen bitartean, asko irakurri ditut gutxi gorabehera belaunaldikideak ditudan idazle espainiarrak, Andrea Abreu, Elisa Victoria, Aida Gonzalez Rossi eta Elisa Levi esaterako, eta asko konektatu dut nire belaunaldiarena den idazkera batekin, garai bat erretratatzetik asko duen estilo batekin. Gauza asko gurera inportagarriak iruditu zaizkit, eta hori ekartzen saiatu naiz.
Ikuspegi oso partikular batetik, kezka unibertsalez dihardu liburuak. Nola azaltzen da paradoxa hori? Nola iristen dira liburu onak unibertsaltasunera, sentimendu eta kezka orokorretara, detailetik, kasu honetan 2000ko hamarkadako herri oso jakin bateko neska oso espezifiko baten ikuspegitik?
Nik, irakurle moduan, istorio eta idazkera mota horrekin konektatzen dut, eta ez dakit jakingo nukeen beste modu batera egiten. Basari buruz ari nintzenean ere, azpimarratzen nuen baserri jakin bateko familia jakin bateko emakume jakin baten bizimodua kontatzen ari nintzela, eta emakume horrek ez zuela ordezkatzen ez euskal emakume baserritarra ez ezer. Eta honekin, berdin. Gero, noski, gerta daiteke irakurle batzuk gehiago identifikatzea bere esperientziarekin edo hurbilagokoak eta urrunagokoak sentitzea pertsonaia batzuk.
Nire ustez, zirkunstantziak deskribatzeak ematen dio egiantzekotasuna kontakizunari, horri esker konektatu ahal izaten da istorioekin beste toki batzuetatik. Kasu honetan, oso baldintza ezberdinetatik (familia mota, klase sozial, kultur erreferenteak) datozen bi pertsonaren arteko laguntasun harreman bat dugu, esperientzia unibertsal bat, eta lana izan da jatorri horrek beren izaera, beren bidean eta bide horren apurketa nola baldintzatzen duen deskribatzea.
Kasu honetan, motibo jakin batzuk daude urrunketa horren atzean, baina zenbat harreman ez ote dira apurtu jatorrizko baldintzek bakoitza moldatu dutelako eta, ondorioz, bakoitzaren bidea alde batetik joan delako.
Miren Amuriza eta Mirari Martiarena, 'Hitzetik Hortzera' saioan
Jone protagonistaren ikuspegia bere ahotik iristen zaigu, ahozko hizkeraren eta idatzizko hizkera arautuaren arteko tentsio etengabean den mintzairan. Nola zaindu duzu oreka, koherentzia, tonu eta sinesgarritasunaren eta ulergarritasunaren artean?
Niretzat garrantzitsua da esatea nik liburu jakin honetarako balio duen hautu sorta bat egin dudala, gazteen ahozko erregistroa ezaugarritzeko balio izan didate erabakiek. Askotan, liburuez hitz egiten dugunean, pertsonaien eraikuntza, gaiaren tratamendua, giroak eta beste hautu batzuk esplizitatzen ditugu, baina hizkuntza hautuak ez hainbeste, nahiz eta beti dauden hor.
Hemen egin dudan hautu sortarekin ez dut ezer orokortzen, eta ez dut esaten nola idatzi behar dugun. Niri honetarako balio izan didate.
Hau esanda, lexiko aldetik malguago jokatzea izan da irizpidea, kolorea emateko eta uste dudalako, lizentzia batzuk hartuta, askoz gehiago daukagula irabazteko galtzeko baino. Pan Bimbo idazten da panbimbo, Cheetos idazten da txetos eta frrrrekillo, r askorekin, adibidez. Oso geuretuta ditugun esaerak esaten ditugun moduan idaztera jo dut.
Maileguen kasuan, gaztelaniazko bertsioak erabili ditut, baldin eta ingelesezko eta frantsesezko itzulpenak berdinak edo oso antzekoak badira eta euskarazkoa baino zehatzagoa edo indartsuagoa iruditu bazait. Brillante da brillante, hortero da hortero eta irrebersiblea da irrebersiblea. Konkrezioa bilatu dut alde horretatik; ez da berdina pertsonaia batek esatea rallatuta nago edo gogaituta nago. Ez bakarrik hitzaren esanahi konkretuagatik, baizik eta hiztunaren gainean ematen dizun informazioagatik.
Hori konpentsatzeko-edo, sintaxiarekin zorrotzagoa izan naiz, ostera. Asko zaindu ditut euskararenak diren jatorrizko egiturak. Hor mugitu naiz, hizkuntzaren ahalak eta ezinak zein diren kontuan hartuta.
Gurea bezala diglosia egoeran dagoen hizkuntza batek literaturan joka dezakeen papera ez da konparagarria gaztelaniarekin, frantsesarekin edo ingelesarekin, baina horrek ez du esan nahi arrisku batzuk hartu ezin ditzakegunik eta jolaserako marjinarik ez daukagunik. Orduan, tarte horiek bilatzen saiatu naiz.
Narratzailea bazterretik –batzuetan, bazterraren bazterretik– idazten duen norbait da. Zer erreferente, bulkada edo gidalerro izan dituzu oinarri eleberriaren balio handienetakoa den tonua eraikitzeko?
Lehen kanpokoak aipatu ditut, baina etxean ere badaude erreferentziak: Erraiak Danele Sarriugarterena, Turista klasea eta Nola heldu naiz ni honaino Kattalin Minerrena, Bar Gloria Nerea Ibarzabalena… Ahots kanoniko zaharretatik kanpora idazten ari gara azken urte hauetan, eta ez dut ariketa kontziente bat egin "bazterrean dagoen pertsona baten ahotik idatziko dut" pentsatzen.
Automatikoki konektatuago gaude, motibo askogatik, ikuspegi horiekin, eta horixe ateratzen zaigu. Ahalegin bat eta asmo artistiko bat jartzen diogu gero horri, baina belaunaldi bat ari da beste bide batzuk ekartzen aspalditik.
Literatura baliotsuak estereotipoak suntsitzen dituen neurrian, zer aldarterekin hurbildu zatzaizkio haurtzaro eta nerabezaroari, tradizioz nostalgiak gozatuta eta itxuraldatuta iritsi ohi zaigun aldiari? Zer indarrek gidatu dute Pleibakeko nerabezaroaren ikuspegi zintzoa?
Memoria ariketa bat egitea izan da hau, nahiz eta gauza asko asmatutakoak diren, eta egia da umetako kontuak kontatzen direnean argitasun momentuak agertzen direla, jolasarekin eta plazerarekin lotuak, eta horrek balio izan dit geroko intentsitatearekin kontrastatzeko.
Nerabezaroari buruz, zer esango dizut. Uste dut gutako inork ez lukeela gozoa adjektiboa erabiliko nerabezaroa deskribatzeko, eta kasu honetan ere saiatu naiz ez zedin izan ez zuria ez beltza. Intentsoa bada, zapore fuerteduna, eta ahalegina egin dut guk bizi genuen errealitatetik ahalik eta hurbilen ekartzeko.
Durangoko Azokan aurkeztu zenuen Pleibak, eta harrera oso ona egin zion publikoak. Iritsi zaizu publiko horren erantzunik jada?
Oso eskertuta eta oso pozik nago izan duen harrerarekin eta egiten ari den bidearekin. Beti daukazu zalantza hori, burua ateratzen duzunera arte, eta gure garaikidea den jendea eta gure belaunaldikidea ez den jendea ere Joneren eta Pollyren sarean harrapatuta gelditu dela ikusteak poz eta trankilitate handia ematen dit, aldez aurretik neuzkan intuizioak gutxi gorabehera bete direla ikusi dudalako.
Urtebete barru-edo berriz irakurriko dut eta zuloak topatuko dizkiot seguru, baina tira…
Zer irakurtzen du idazleak? Zer liburuk eman dizute arreta azkenaldian?
Orain Leila Guerrieroren La llamada irakurtzen ari naiz, eta koloretan haluzinatzen ari naiz berarekin.