Literatura
Urtarrilak 20-26
Nobela beltza eta euskara, elkarren eskutik Baztanen berriz ere
N. V. | EITB Media
(H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea hamaikagarrenez ospatuko dute urtarrilaren 20tik 26ra: liburu aurkezpenak, solasaldiak, dokumental proiekzioa, ikuskizunak…
-
"Odola kantari" ikuskizuna taularatuko dute igandean, urtarrilak 26
Ilbeltzak, urtarrilak, (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astea ekarriko du Baztanera berriz ere. Hilaren 20tik 26ra, hamaikagarrenez egingo dute, eta antolatzaileek programa aletu dute dagoeneko.
Urtarrilaren 20an, astelehenarekin, "irakurleen asanblada" egingo dute, Amazurtza Joxan Oiz Arruti VII.aren liburuaren kariaz, 19:30ean, Arizkungo Medikuaren Etxean. (H)ilbeltza bekaren irabazlea da lan hori.
Urtarrilaren 22an, "Bärlach komisarioaren abenturak eta desbenturak" solasaldia gidatuko du Idoia Santamariak Anizko elkartean, 19:00etan, eta bi egun geroago, hilaren 24an, Arg(h)itzen dokumentala proiektatuko dute Iruritako Gizarte Bilgunean, ordu berean hasita.
Larunbatean, ilbeltzak 25, "Nola sortu kriminal bat (nahi gabe)" mahai ingurua gidatuko du Isabel Jaurenak, Edurne Elizondo eta Mikel Elortzarekin, 11:00etan Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. 14:00etan herri bazkaria egingo dute Erratzun, eta, bazkalondoan, Basokoa (Izaskun Gracia Quintana) eta Lehendakariaren alaba (Iñaki Petxarroman) liburuak aurkeztuko dituzte. Eguna bukatzeko, "Ilargipeko enigmak" jolasa egingo dute Erratzuko ostatuetan barna.
Bukatzeko, igandean, Unai Elorriagak eta Josu Aurrekoetxeak Odola kantari: Euskal kantagintzaren tragepedia emanaldia oholtzaratuko dute Arizkunenea kultur etxean, Elizondon, 19:00etan.