Literatura
Eleberri proiektua
Julen Apellak irabazi du Augustin Zubikarai saria
N. V. | EITB Media
Berriztar idazlearentzat izango da 8.000 euroko dirulaguntza, eta Elkar argitaletxeak datorren urtean argitaratuko du, epaimahaiak hala erabakita, "Abizen berri bat" izenburuko eleberri proiektuaren emaitza.
-
Julen Apella
Julen Apella idazle berriztarrak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai literatura saria. Aurkeztu diren ia hogei lanen artean, Abizen berri bat izenekoa hautatu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak, eta horrenbestez Apellak jasoko du 8.000 euroko saria, baita nobela Elkar argitaletxearen eskutik argitaratzeko eskubidea ere, proiektua burutzen duenean. Datorren urtean izango da, ondo bidean.
Saria atzo, osteguna, arratsaldean eman zioten Apellari, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak jardunaldien barruan, eta ekitaldi berean aurkeztu zituzten iaz saria ex aequo eraman zuten lanak: Karmele Mitxelenaren Zoriona, edo antzeko zerbait eta Goio Ramosen London Calling.
Abizen berri bat lana "gaur eta hemen kokaturiko eleberria" izango da, "gazte batzuen harremanetan eta noraezean zentratua", Elkarrek azaldu duenez. Jokin eta Felix lagunak dira, biak ari dira karrera amaitzen, baina oso desberdinak dira izaeraz, eta oso bestelakoak dituzte familia eta klase soziala ere, etorkizunari begiratu eta harreman berriei heltzerakoan horrek dakarren guztiarekin.
Julen Apella Santamaria (Berriz, 1998) Euskal Ikasketetan graduatua da, eta Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak masterrak egin ditu. Orain arte poesia-liburu bat kaleratu du: Postal bat desertuan, DK sariaren irabazlea.
2010etik, besteak beste, hauek jaso dute Augustin Zubikarai beka: Joxean Agirre, Garbiñe Ubeda, Jasone Osoro, Katixa Agirre, Eneko Barberena, Lander Garro eta Patxi Zubizarreta.