Literatura
''Istripu baten kronologia''
Eider Rodriguezek jasoko du Xabier Lete beka
N. V. | EITB Media
"Istripu baten kronologia" errenteriar idazlearen literatura proiektua aukeratu dute, eta fikziozko bere lehen eleberria izango da. 70.000 euroko laguntza ekonomikoa ekarriko dio Eusko Jaurlaritzaren eta BBVA Fundazioaren bekak.
-
Eider Rodriguez Martin idazlea
Eider Rodriguez Martin idazleak (Eraikuntzarako materiala, Bihotz handiegia, Katu jendea…) irabazi du Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak euskarazko literatura sorkuntzarako ematen duten Xabier Lete beka. Fikziozko bere lehen eleberria idatziko du horri esker Rodriguezek, Istripu baten kronologia izenburua duen proiektutik abiatuta.
Koro Navarro Etxeberria itzultzaileak zuzendu du bekaren irabazlea ebatzi duen aditu batzordea, Alex Gurrutxaga EHUko irakasle eta idazlea aritu da idazkari-lanetan, eta Lourdes Otaegi Imaz, Jon Kortazar Uriarte eta Aritz Galarraga Lopetegi irakasle, editore, idazle eta literatura kritikaria izan dira batzorde horretako kideak.
Eider Rodriguezek fikziozko bere lehen eleberriari ekiteko erabili nahi du Xabier Lete beka, Eraikuntzarako materiala "ez fikziozko nobela" baitzen: "Agian hori da proiektuaren gauzarik berriena niretzat, orain arte ipuinak idatzi izan baititut beti, eta fikziozkoa ez den eleberri bat. Bestela, aurreko lanen antzekoa izango da eta hizkuntza laua erabiliko dut".
Unibertsitateko irakasle bat izango da protagonista, eta, aditu batzordearen esanetan, tramak "gertakari pertsonalak eta kolektiboak, gatazka pertsonalak eta sozialak uztartzen ditu. Esan daiteke sakoneko gai nagusiak indarkeria eta identitatea direla. Narratiba errealista baten bitartez, erakutsi egiten da kontatu ordez. Pertsonaia nagusiaz gain agertzen diren pertsonaien multzoa konplexua da, eta idazleak pertsonaien psikologian sakonduko duela suma daiteke. Azkenik, estiloa zuzena eta hotza da lehen begiratuan, baina, aldi berean, poetikoa, musikaltasunera hurbiltzen dena".
Bekaren helburua da urtebetez erabateko dedikazioa erraztea euskarazko literatura proiektu bat sortzeko, eta 70.000 euroko laguntza ekonomikoa ematen du horretarako.