Itxi

Literatura

Elkarrizketa

Pello Lizarralde: "Idaztean, ez dut gogoko 'esatea', nahiago dut 'erakutsi'; esplikazioak soberan daude"

Natxo Velez | EITB Media

Idazleak "Lanbroa" argitaratu du, memoriaren eta ahanzturaren zirrikitu menderakaitzetan maisuki barrentzen den eleberri gandutsu baina xehea, zehatza eta, literatura estimagarriari dagokion bezala, zorrotz askoa.   

  • Pello Lizarralde, "Lanbroa" liburuaren egilea. Argazkia: Erein.

    Pello Lizarralde, "Lanbroa" liburuaren egilea. Argazkia: Erein.

Hogei urte joan dira elkar ezagutzen ez zuten gizon-emakume batzuk ordu batzuetarako auto batean elkartu zituen gertakaria jazo zenetik. Harrezkero, ez dute elkarren berri izan: nor bere borroka partikularrean jardun da ordu horiek eragin eta mugitu zutena gogoan kokatzeko, oroitzapenak beharrizanen arabera lausotu eta egokitzeko, aurrerabidean; halako batean, merkataritza-gune batean elkar ikusi dute, nork bere lubakitik, bion begiradek bat egin gabe badaezpada.

Lanbroa-n, Pello Lizarraldek bi pertsonaion kontakizunari bide egin die, bi planotan bermatuta altxatzen den eleberri sotil baina mardulean. Laurogei orri pasatxoan gogoetagai, besteak beste, errelatoak eta egia lausoak, botere harremanak, gertakarien pertzepzioa eta neurria, egiantzekotasuna, egiazkotasuna, oroitzapenen malgutasuna, ahanzturaren mekanismoak eta, oro har, "argien eta itzalen gorabeherak mendean dauzkan zera hori".

Irakurketa bukatuta, lainoa saretutakoan pausatzen diren tanta gazi-gozoak sentituko ditu irakurleak azalean, izan denaren arrastoa eta izango dena eraikitzen jarraitzeko lehengaia.

Lizarralderekin hitz egiteko probestu dugu Lanbroa.

Muga inguruko lurralde lanbrotsu batetik merkataritza-gune batera aldatu dituzu pertsonaiak hogei urteren bueltan, ezleku lauso batetik beste batera. Zergatik kokatu duzu istorioa bi toki horietan?

Merkataritza-guneek ederki islatzen dute klase ertainak bizi duen ameskeria. Han dena da argitsua, ia perfektua. Kontsumitzen dugun bitartean itzali egiten dira iragana eta geroa. Orainak hartzen du dena. Aski da, ordea, edozein distortsio gertatzea gure oraingo eta lehengo infernu txikietan murgiltzen hasteko.

Aitzitik, bi protagonistek zeharkatu zuten beste eremu lauso, busti eta ospel hartan egonezina, zalantza, izua eta kezka ziren nagusi. Eta, jakina, inork ez du halako lurralde bat berriz ibiltzeko gogorik izaten.

Zein da istorioaren sorburua? Zein haritatik hasi zinen tiraka Lanbroa idazten hasteko?

Nire aurreko liburu guztietan bezala, azken honen sorreran ere irudi bat dago, eta oraingoan, gainera, esaldi bat. Irudi horiek urteetan izaten ditut buruan jiraka, zer eman dezaketen ez dakidala. Halako batean, ezin jakin nola edo zergatik, irudia erabat ezartzen da, eta konturatzen zara kontatu nahi duzuna idazten hasteko bidea ematen dizula.

Hari nagusia zehaztuta, lanaren alderik inportanteena heldu da: galderak. Niretzat kontua ez da zer kontatu nahi dudan, baizik zein diren hartu behar dudan lan horrek eragiten dizkidan galdera esentzialak.

Niretzat ez dira galdera samurrak. Erantzun bat baino gehiago izaten dute, eta, jakina, idazten hasten naiz sinetsita irakurleak ere inoiz bere buruari haiek berak edo antzekoak egin dizkiola. Hori lortuz gero, ni pozik.

Lanbroa-k dakartzan galderak, besteak beste, memoriari eta ahanzturari lotuta daude, eta iraganaren bihurguneetan ezkutaturik dauden infernu txikietatik ateratzen dira.

Bi pertsonaia nagusi eta ia bakarren kontakizunean bermatuta egiten du aurrera narrazioak. Zer abantaila eta zer zailtasun ekarri dizkizu ikuspegi bikoitz horrek?

Zailena izan da bi pertsonaien ahotsak orekatzea, biei aukera berdinak eskaintzea. Hori lortu ezean, porrota erabatekoa izaten da. Gauza txukun bat egin nahi baduzu, ezin duzu horrelakorik egin.

Gakoa izaten da pertsonaia guztiak maitatzea, denen arrazoiak, zalantzak, hutsegiteak  eta nahiak azaltzea.

Izango dira beste bide batzuk, baina iruditu zitzaidan bi ahotsak aldizkatzea zela oreka horretara hurbiltzeko modurik egokiena.

Idazlearen jardunean, nola artikulatzen dira gertakari jakin baten gaineko errelato subjektiboak, egiantzekotasunaren eta, batez ere, egiazkotasunaren ikuspegitik? Zer mailatan lanbrotzen edo argitzen digu errelatoak egia?

Idazleak bezalaxe, irakurle askok ere bizioak izaten ditu. Ziurtasuna behar izaten du, eta narrazioa ixten ez baduzu, ez da ase izaten. Irakurle taldeetan maiz sumatzen da hori.

Behin baino gehiagotan antzeman dut oso galdera zehatzak egiteko gogoz geratzen direla irakurle batzuk: zer gertatzen da benetan? Nola amaitzen da? Nork du arrazoi? Eta zu noren alde zaude?, eta antzekoak. Nik beste galdera batekin erantzuten diet: Eta zuk zer ikusi edo irakurri duzu? Hasieratik garbi izan nuen gaitz horiek saihestu behar nituela.

Pello Lizarralde. Argazkia: Erein.

Pello Lizarralde. Argazkia: Erein.

Uste dut Lanbroa-n zintzoa izan naizela eta ez dudala ezer ezkutatu. Subjektibotasunaren gainetik badago hari garbi bat: abiapuntuak markatzen duen botere harremana. Auto horren barnean doanetako batek ez du hor egotea hautatu. Egintza horren ondorioak ez ditu inork ukatuko, ezta eragin duenak ere.

Hortik aurrera errazena izango zen eragileari merezi duen zigor literarioa ematea. Eta hala jokatuz gero, kitto, itxi dituzu bide guztiak, eta ez dago idaztea merezi duen ezer.

Horregatik, ezinbestekoa zen beste hari bati tira egitea. Bi ahotsen oroitzapenak ez dira bat etorriko, batetik urte asko joan direlako eta, bestetik, bakoitzak bere oroitzapenak moldatu dituelako bere oraina eta geroa arintzeko, aurrera egin ahal izateko.

Hala ere, enkontru horrek urteen joanak eragindako lanbroa areagotuko du eta nekeza izango da saretzea. Izan ere, oroitzapenak berritzen hasteaz batera, beren buruari sekula egin gabeko galderak etorriko zaizkie joka: zer egin nuen? Zer egin nion? Zer egin zidan?, eta batez ere, zer naiz egun, zerbait banaiz, haren begietan? Beraz, neurri batean, une horretan izan dute besteari begiratzeko lehen aukera.

Horiek guztiak buruan jiraka izan ondoren, dena lausoagoa da. Kontua da aurrera egin beharrean zaudela, eta ikuskizun dago lauso horrek bake pixka bat emango edo kenduko ote dizun.

Botere harreman batek zeharkatzen du protagonisten enkontrua, esan duzun bezala, eta hori da bi-bien oroitzapen guztien iturburua. Zein neurritan baldintzatzen ditu horrek, zure ustez, bataren eta bestearen oroitzapenak eta ahanzturak?

Biak ala biak jakitun dira non zeuden elkarrekin eman zituzten ordu haietan. Dena dela, oso litekeena da urteak joan ahala hain garbi ez izatea. Bizirauteko, oinazea eragin duenari, egindakoak utzitako karga arintzea komeni zaio, eta nozitu duenarentzat, beste haren arrazoiei begira jarriz gero,  dena zailagoa izango da.

Oso diferenteak dira gertatutakoa ahazteko zituzten arrazoiak, baina ahaztu beharrean zeuden. Ahaztea, ordea, lokartzeko modu bat ere bada.  Arazoa da esnatutakoan datorren nahasmendua eta zer egin behar duzun une horretan argi pixka bat lortzeko.

Orduko botere harreman hura orainak lanbrotzen du. Merkataritza-gunean daude, zenbait orduz mundu perfektu bera partekatzen dute. Berdin dio non zegoen bata eta non bestea, biak ari dira aisialdiaz toki berean gozatzen, biak ari dira erosten. Itxura batean ezerk ez ditu bereizten. Zer da, egun, iraganeko hura?

Menderaezina da memoria, liburuko narratzaileetako batek esaten duenez. Dena dela, sufrimendua eragin zutenak eta horren onuradunak ahanzturan babesten dira askotan, sosegua lortzeko. Benetan egin dakioke itzuri memoriari? Kontsolamendu hutsa dugu pentsatzea gogoak beti egingo duela bere bidea eta memoriak ahanzturan ezkutatutako horien barruak jango dituela?

Aipatzen duzun hori guztia liluragarria zait. Garunaren misterioak ez dira txikiak. Ezjakin totala naiz zientzia kontuetan, eta gogotik jasoko nituzke horretan adituak direnen ezaguerak. Nik bizi izandakoa besterik ez dut, eta ez da beti aski izaten. Beharbada, alde daukat gaztea ez izatea, izan ere urteak betetzeak aurkikuntza harrigarriak ekartzen ditu arlo horretan.

Ahaztea eta gogoratzea irudipenez beteta daudela esango nuke. Ez daukagu ezer ziurtatzerik. Ahalegin horretan beti zerbaitek huts egingo du. Ez dakigu zer itzali edo galduko den betiko, ez dakigu zer eta noiz azaleratuko den. Horretan etengabeko ustekabera kondenatuta gaude, zalantzarik gabe.

Memoria eta ahanztura mendera ditzakeela uste duenak errealitatearen astinduak nozitu beharko ditu. Ikusi bestela zer gertatzen den une jakin batean gurekin egon zen norbaitekin une hura berritu nahian hasten garenean. Guretzat berebiziko garrantzia zuen hura hutsala izan liteke harentzat. Berdin ahaztua genuenak beste batzuei egin dien kaltea gogorarazten digutenean edo zeu zarenean gertatutako zerbait gogoratzen duzun bakarra.

Aurreko guztiak ematen dizkigun sastakadak ez dira nolanahikoak, eta erroreak eta erruak pizten badira, ilun beltza ez da urrun ibiliko.

Gertakari traumatikoak berpizten ditugunean, gainerakoen konplizitatea espero dugu, eta guk behar dugun neurrikoa izan ezean, amildegitik hurbilago gaude.

Memoriatik ahanzturarako bidean, ahanzturatik memoriarakoan, zaila da oso kontsolamendua lortzea.

Pello Lizarralde. Argazkia: Erein.

Pello Lizarralde. Argazkia: Erein.

Zure literaturan ohikoa denez, gertakariak hautemateko modua gertakariari berari gailentzen zaio kontakizunean. Idazketa prozesuan, zenbat dago zehaztetik eta zenbat lausotzetik?

Idazten duzun horretan beti dago idazten ez duzuna. Eta paperean jarri ez duzun hura idatzi duzuna bezain inportantea da. Trebatuta dagoen irakurlea aise ohartzen da idazleak hartutako erabakiez. Ez zait batere zaila kentzea, ezabatzea. Agian zuzenagoa litzateke esatea oso erraza zaidala ez idaztea.

Idazteko orduan ez dut gogoko esatea, nahiago dut erakutsi. Esplikazioak soberan daude nik egin nahi dudan horretan. Jarraibide minimo bat emanda, gakoa da hutsuneak ongi neurtzea.

Ez dut inoiz gogoan irakurle jakin bat. Beti pentsatzen dut irakurle guztiak ni baino erneagoak eta zoliagoak direla, eta edozein tokitara iritsi daitezkeela.

Irakurle gisa, lan pixka bat ematen didaten liburuak ditut gogoko, eta neure aldetik antzeko zerbait eragiteko asmoz aritzen naiz.

Harritzen zaituzte zure lanek jasotzen dituzten harrera eta interpretazioek?

Pozik joaten naiz irakurle taldeek antolatzen dituzten bilkuretara. Nire ustez liburuak argitaratzearen ondoriorik ederrena eta naturalena da. Iruzkin eta iritzi oso interesgarriak eta, askotan, harrigarriak jasotzen dira. Niri idazteak onura besterik ez dit ekarri. Zorte handia izan dut. Idatzi dudana, gure mundu txiki honetan bada ere, ez da oharkabean pasatu, eta, ikusirik zenbat argitaratzen den, ez dago gehiago eskatzerik.

Azkenaldiko zein irakurketa gelditu zaizkizu memorian bueltaka, ahaztu ezinik, halakorik izan bada?

Bat baino gehiago. Asko irakurtzen dut, eta gero eta arrazoi gehiago aurkitzen dut liburuetara jotzeko.

Iaz irakurri nuen nobelarik ederrena Hernán Díazen Fortuna izan zen. Bada beste bat zirrara eragin zidana: Hubert Mingarelli frantziarraren Un répas en hiver.

Pello Lizarralde. Argazkia: Erein.

Pello Lizarralde. Argazkia: Erein.

Lanbroa argitaratu eta gero, zerk bultzatuko zaitu paper zuriaren aurrean berriz jartzera?

Oraindik ez dakit. Urteotan pazientzia izaten ikasi dut. Presak oso aholku txarrak ematen ditu. Ezin zara burura etortzen zaizun lehenengo gauzak idazten hasi. Kontua ez da lan-mahaian jarri eta ikustea zer idatz dezakezun, baizik zintzotasunez erabakitzea zer idatzi behar duzun.

Orain arte, hasieran aipatu ditudan irudi horietatik etorri dira argitaratu ditudanak, eta aurrerantzean ere pentsatzekoa da hala helduko direla. Irudi bat ezarriko zait obsesio bihurtu arte, eta orduan kanporatzea beste erremediorik ez dago.