Itxi

Literatura

''Guillem'' itzuliko du

Amaia Apalauza itzultzaileak irabazi du (H)ilbeltza beka

N. V. | EITB Media

Literatura beltzaren Baztango jaialdiaren sariari esker, "Guillem"  Núria Cadenes katalanaren liburua euskaratuko du iruindar itzultzaileak.

  • Amaia Apalauza. Argazkia: (H)ilbeltza

    Amaia Apalauza. Argazkia: (H)ilbeltza

Amaia Apalauza Ollo itzultzaileak irabazi du VIII. (H)ilbeltza beka, Fernando Anbustegi Baztango alkateak, Beñat Irastorza itzultzaileak eta Garazi Arrula editoreak osatutako epaimahaiak hala erabakita.

Euskal Nobel Beltzaren Asteak jasotako hamar laginetatik Apalauzarena iritsiko da paperera, literatura jaialdiak ematen duen 6.000 euroko laguntzari esker. Hain zuzen ere, Guillem Núria Cadenes idazlearen eleberri dokumentala euskaratuko du Apalauzak.

Guillem Agulló i Salvador valentziar gaztea faxista batzuek hil zuten labankadaz, Castellon, 1993an, eta Cadenes hilketa horren inguruko dokumentazioan murgildu da liburua argitaratzeko.

Txandaka, urte batean sormen lan bati eta hurrengoan itzulpen lan bati egokitzen diote (H)ilbeltza beka. Aurtengo deialdiaren emaitza 2025eko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak, eta 2026ko ilbeltzean aurkeztuko dute, (H)ilbeltzan.