Itxi

Literatura

Ekitaldia

Jose Angel Irigaray omenduko dute Irun Hiriko Kutxa literatura sarietan

N. V. | EITB Media

Sarien 45. edizioan, Xabier Lasa Gorraiz, Jon Gerediaga, Martha Asunción eta Andrés García Cerdán idazleen lanak sarituko dituzte.

  • Jose Angel Irigaray. Argazkia: Oier Aranzabal, CC BY-SA 3.0 , via Wikimedia Commons

    Jose Angel Irigaray. Argazkia: Oier Aranzabal, CC BY-SA 3.0 , via Wikimedia Commons

Irun Hiriko Kutxa literatura sarien 45. edizioaren sariak banatzeko ekitaldia egingo dute gaur, ostiralarekin, Amaia Kultur Zentroan, 19:30etik aurrera. Irabazleei sariak emateaz gain, Jose Angel Irigaray idazlea omenduko dute.

Ekitaldian, lehiaketaren lau kategorietako irabazleak izango dira saria jasotzen: Xabier Lasa Gorraiz Ura ez baita beti gardena euskarazko eleberriarekin, Jon Gerediaga Zeru-lurren liburua euskarazko poesiarekin, Martha Asunción Alonso Cartas a Nensi gaztelaniazko eleberriarekin eta Andrés García Cerdán Equipos de respiración subacuática gaztelaniazko poesiarekin.

Euskarazko liburu sarituak Elkar argitaletxeak editatu eta banatuko ditu, eta gaztelaniazkoak, Algaida argitaletxeak. Euskara eta gaztelaniazko eleberriek 20.000 euroko saria eta garaikurra jasoko dute, eta euskara eta gaztelaniazko poesia lanek, 15.000 euroko saria eta garaikurra.

Gainera, Euskal Editoreen Elkarteak (EEE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE), Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) eta Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura elkarteak hala erabakita, Jose Angel Irigaray idazleak ohorezko garaikurra jasoko du.

Irigaray (Iruñea, 1942), sendagilea izateaz gain, euskal kultura eta letretan jardun da gaztetatik. Ez Dok Amairu taldeko partaide izan zen 70eko hamarkadan, Aranzadi Zientzia Elkartean eta Eusko Ikaskuntza elkartearen birsortze prozesuan aritu zen, 1980ko hamarkadan Pamiela argitaletxearekin kolaboratzen hasi zen, edizio lanetan, eta Bilboko Kafe Antzokiaren kultur saila zuzendu zuen gero. Urte horretan bertan, Jorge Oteiza artistak bere Fundazioaren patronatukide izendatu zuen.

Literaturari dagokionez, zenbait poesia eta saiakera lehiaketatan saritu dute, eta hainbat poesia liburu argitaratu ditu, baita saiakerak eta narratiba lanak ere.

Susa argitaletxeak haren lanen bilduma bat egin zuen, XX. mendeko poesia kaierak Koldo Izagirrek apailatutako bilduma funtsezkoan.