Itxi

Literatura

Itxiera

Ereinek gezurtatu du Igela argitaletxea itxiko duela

N. V. | EITB Media

Goizean, Lander Majuelo Igelako editoreak adierazi du Igelaren jabeek, Erein argitaletxeak, argitaletxea gelditzea erabaki dutela. Ereinek berak esan du, baina, erabakitzeko duela “aurrerantz zein modutara jarraituko duen argitaletxeak”.

  • Igelari esker irakur daiteke, esaterako, James Joyceren "Ulises" euskaraz

    Igelari esker irakur daiteke, esaterako, James Joyceren "Ulises" euskaraz

Gaur goizean, Lander Majuelo Igela argitaletxeko editore ohiak mezu bat argitaratu du argitaletxearen sare sozialetan, eta azaldu du Igela argitaletxea ixtea erabaki dutela horren arduradunek, "arazo ekonomikoak direla medio". Handik ordu batzuetara, baina, Ereinek, Igela duela hiru urte erosi zuen argitaletxeak, informazio hori gezurtatu du.

Erein argitaletxeak ohar batean azaldu duenez, Lander Majuelo editorearen, "autonomia osoz" argitaletxea hiru urtez gidatu duen langilearen, kontratua bertan behera utzi du "itundutako helburu eta eginkizunak bete ez direnez", baina ez du erabaki argitaletxea gelditzea.

Erein argitaletxeak hemendik urte amaierara bidean dituen liburuak (Joyce Carol Oates, Fiodor Dostoievski, Adania Shibi, Zadie Smith eta Annie Ernauxen lanak) argitaratzeko asmoa du, oharrean esan duenez, eta "gero erabakiko du aurrerantz zein modutara jarraituko duen argitaletxeak". Igelaren katalogoa eskuragarri egongo dela adierazi dute, eta Ereinek "ahal duen guztia" egingo duela proiektu editoriala aurrera ateratzeko.

34 urtez, lan paregabea egin du Xabier Olarrak, Joseba Urteagak eta Jose Manuel Gonzalezek sortu zuten iruindar argitaletxeak, eta euskarara ekarri ditu, besteak beste, Karl Marx, Agatha Christie, Pier Paolo Pasolini, Kae Tempest. James Joyce, Cormac McCarthy, Ursula K Le Guin, Natalia Ginzburg, Patrick Modiano, Amélie Nothomb, J.R.R Tolkien, Antonio Tabucchi, Annie Ernaux, Francis Scott Fitzgerald, Antonio Lobo Antunes…

Itzultzaile andana bat aritu da lan horiek euskaratzen, hala nola Xabier Olarra, Fernando Rey, Idoia Santamaría, Joxe Mari Berastegi, Koro Navarro, Pello Lizarralde, Koldo Izagirre, Isabel Etxeberria, Aiora Jaka, Itziar Diez de Ultzurrun, Joseba Urteaga, Garazi Arrula, Iñigo Roque, Juan Garzia, Asun Garikano, Matías Múgica, Ramon Etxezarreta, Amaia Apalauza…

2012tik Literatura Unibertsala bildumako liburuak argitaratu ditu Erein argitaletxearekin elkarlanean.