Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

Literatura

Hilberria

Cormac McCarthy, gizatasuna basakeriaren bidez hizpide

Natxo Velez | EITB Media

Pulitzer eta National Book Award sariak irabazi zituen idazle estatubatuarra, "Blood meridian", "The road", "No Country for Old Men" eta Mugako Trilogiaren egilea, atzo, asteartearekin, zendu zen, Mexiko Berrian, AEBn.

  • Cormac McCarthy idazlea. Argazkia: Efe.

    Cormac McCarthy idazlea. Argazkia: Efe.

Cormac McCarthy idazlea, XX. mendeko estatubatuar idazle gailenetako bat, zendu da asteartean Mexiko Berrian (AEB), 89 urte zituela, John McCarthy semeak The New York Times egunkariari baieztatu dionez. Berez hil da McCarthy, Stella Maris eta The Passenger bere azken eleberriak (bi nobela dira, baina liburu bakarrean bilduta daude) argitaratu eta sei hilabetera.

Bere belaunaldiko idazle handienetakoa (Philip Roth, Thomas Pynchon, Don DeLillo...) izan da McCarthy, eta basakeriaren, bortxaren bidez, ageri da gizatasuna bere lanetan, iluntasunik sakonenean soilik ageri den argitasunaren gisa berean, dena ere prosa dentso, zehatz, liriko eta zenbaitetan onirikoz emana. McCarthyk oso esaldi luzeak kateatzen ditu, koma gutxi erabilita, irakurlea bere jarioan murgildu eta nahieran bultzatzeko, noiz istorioaren hurrengo hilketa bortitz eta ankerrera,7 noiz egunsenti baten deskribapen erdiragarrira.

Mugan marraztu ditu pertsonaiak McCarthyk bere ibilbidean, Mexikoren eta AEBren arteko muga geografikoan (No Country for Old Men, Blood Meridian, Mugaren Trilogia osatzen duten All the Pretty Horses, The Crossing eta Cities of the Pain), nerabezaroaren eta helduaroaren artekoan (Blood Meridianeko protagonista "mutiko" izatetik "gizon" izatera igarotzen da liburuan), mundu errealaren eta errautsa ari duen mundu apokaliptiko hil hurren baten artekoan (The Road) zein gizatasunaren eta piztikeriaren artekoan (Jainkoaren semeko protagonista dugun Lester Ballard).

McCarthyk hamabi eleberri argitaratu zituen guztira, baita The Sunset Limited antzezlana (bere burua hiltzera doan gizon baten eta hori eragozten dion beste gizon baten arteko elkarrizketa) eta The Counselor pelikularen gidoia ere, zeina Ridley Scott zuzendariak eraman baitzuen pantailara Michael Fassbender, Cameron Díaz, Penélope Cruz, Javier Bardem eta Brad Pitt aktoreekin, besteak beste.

Providencen (Rhode Island, AEB) 1933ko uztailaren 20an jaioa, oso bizimodu bazterrekoa eraman zuen McCarthyk literatura industriatik urrun; ez zuen apenas elkarrizketarik ematen, eta ez zen jendartera agertzen. Bere liburuetako pertsonaiak ere moldatu gabeak dira oro har, gizartearen agindu eta legeei men egiten ez dieten pertsona bazterrekoak (gizonak ia absolutuki, nahiz eta Stella Maris bere azken eleberriko protagonista emakume bat den).

Euskaraz, Jainkoaren seme eleberria argitaratu zuen Igela argitaletxeak 2022an, Juan Mari Mendizabalek itzulia, eta Pello Lizarralde eta Anjel Lertxundi idazleak McCarthy zenaren zale handiak dira; oriotarrak Jainkoaren semeren gibel solasa idatzi zuen, hain zuzen ere.