Itxi

Literatura

Liburu berria

Joseba Sarrionandiak eta Ares marrazkilariak 'Munduari bira eman zion ontzia' ipuina kaleratu dute

Agentziak | EITB Media

Liburuak jarrera kritikoz begiratzen dio Juan Sebastian Elkanoren bidaiaren kontakizunari, eta mundu globalizatuko botere harremanen inguruko hausnarketa proposatzen du.

  • Joseba Sarrionandia, 'Munduari bira eman zion ontzia' liburuaren aurkezpenean

    Joseba Sarrionandia, 'Munduari bira eman zion ontzia' liburuaren aurkezpenean

Joseba Sarrionandia euskal idazleak eta Ares kubatar marrazkilariak 'Munduari bira eman zion ontzia' ipuin ilustratua argitaratu dute, 10 uretik gorako irakurleentzat. Historia irakasle batek eta horren bilobak Juan Sebastian Elkanoren bidaiaren inguruan duten elkarrizketa luzea jasotzen du liburuak.

Sarrionandiak eta Arístides Hernandez "Ares"ek gaur goizean aurkeztu dute lana San Telmo Museoan, Donostian, Ion Irurzun Elkano Fundazioaren zuzendaria eta Eli Irazu Pamiela argitaletxeko editorea alboan zituztela. Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria ere izan da ekitaldian, erakunde horren babespean emango baita liburua gaztelaniaz, katalanez eta galegoz ere.

"Ontzi" hitzaren esanahi bikoitzarekin jolasean, Sarrionandiak adierazi du  "memoriarako eta jarrera kritikorako ontzia" dela "Munduari bira eman zion ontzia".

"Testuaren eta irudien bidez, historia pixka bat gogoratzeko eta zer gertatzen ari den ikusteko ontzi bat egin nahi izan dugu", erantsi du.

Aresek, bestalde, adierazi du berarentzat liburua "ikasbide handia" izan dela. "Liburua ilustratzen ari nintzela, mundu biraren historia ikasi dut, ondo ezagutzen nuela uste nuen arren, zinez ez bainuen ezagutzen", esan du.