Literatura
Urtarrilak 22 eta 23
Ea, poesiaren aterpe
N. V. | EITB Media
Bizkaiko herriak "Ea, H-a galdu zuen… erria" jaialdia hartuko du asteburuan, urtarrilak 22 eta 23.
-
Miren Agur Meabek "Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena hitzaldia eskainiko du
Ea herriak "Ea, H-a galdu zuen… erria" poesia jaialdia hartuko du asteburu honetan, urtarrilak 22 eta 23, hiru saiotan.
Programazio zaindua larunbatean hasiko da, 12:00etan. Miren Agur Meabek Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena hitzaldia eskainiko du. "Miren Agur Meaberen poetikaren deskribapena. Virginia Woolfen obrari keinu eginez, sormenaren gela atontzeko bere modua azalduko du, hainbat urratsetan: gela bilatzetik hasi, eta kontratua, espazioaren banaketa, argiztapena, bentilazioa, altzariak, almazenajea, berokuntza eta osagarriak, estetika-irizpideak eta materialak barne", azaldu dute antolatzaileek.
Egun horretan bertan, 19:00etatik aurrera, Aritzakoa Oskar Alegria zinemagileak Ean bertan filmatutako film laburra eskainiko dute. Herriko itsasargiaren erritmoak gidatzen du filma: hiru argi kolpe eta iluntasuna, lau segundoz.
Jaialdia bukatzeko, igandean, urtarrilak 23, Olatu arteko txalupa arraroa ikuskizuna eskainiko dute Ines Osinaga musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak. Duela hamar urte iurretar idazleak sortu eta arrasatear musikariak kantu bihurtutako testuak berreskuratuko dituzte ikuskizun honetan.
Eskolondon izango dira jarduera guztiak, eta, aforoa mugatuta dagoenez, gonbidapena derrigorrezkoa izango da. Oskar Alegriaren pelikularen proiekziorako bakarrik gelditzen dira tokiak libre.