Literatura
Elkarrizketa
Eider Rodriguez: "Publiko eta pribatuaren artean aritu naiz. Tartean, artifizioa dago, nobela"
Natxo Velez | EITB Media
Eider Rodriguez idazleak "Eraikuntzarako materiala" liburua argitaratu du, alkoholak blaitutako aita-alaba batzuen arteko harremanaren hondarrak bildu eta lantzen dituen "ez fikziozko nobela".
-
Eider Rodriguez
Isiltasunaren kontra idatzitako nobela da Eraikuntzarako materiala Eider Rodriguez (Orereta, 1977) idazlearen liburua. Alkoholak markatutako bizitza baten ondoren joan berri den aitari eta bere buruari maitasun gutuna idatzi die Rodriguezek oraingoan, bere ibilbidean nagusi izan diren ipuinak alboratuta; erreala denez, maitasun gutun zintzo, suhar, ertzdun eta mingarria da, baina, Susa etxearen eskutik irakurgai duguna, biribil, perfektu eta idealetik gutxi duena.
Korapiloak askatzeko balio du literaturak, eta xede horretxekin dago idatzita Eraikuntzarako materiala, zintzotasun baldintzagabez, sinetsita gauza asko idatziz besterik ezin direla ulertu. Hitzek metabolizatze ahalmena dutela esaten du liburuko narratzaileak, eta Eider Rodriguezen memorian beratutako eta isiltasunari esaldi-aiztoz ebatsitako sentimendu-hausnarketa horiek geureganatzeko gonbita da Eraikuntzarako materiala.
Rodriguezekin hitz egin dugu, isildutakoaren zingiran egindako murgilaldi honen emaitzaz.
Zergatik iritsi da Eraikuntzarako materiala orain? Aldatu du idazte prozesua inplikazio zuzenak, istorioa barru-barruan izateak?
Errelato bat idazten amaitu eta berri bat hastekotan nintzela, konturatu nintzen kosta egingo zitzaidala fikzio hutsezko pertsonaiei bizitza ematea: kartoizkoak iruditzen zitzaizkidan, oso sentsazio arraroa izan zen.
Editorearekin berriketan ari nintzela aipatu nion gerora Eraikuntzarako materiala bilakatu den istorioa, buruan nuena baina idazteko bihotza falta zitzaidana, besteak beste benetako pertsonetan oinarritutakoa zegoelako. Berak eman zidan behar nuen bultzadatxoa, segur aski. Eta bai, aurreko liburuekiko diferentea izan da prozesua: behin idazten hasita, uholdean bezala etorri zaizkit hitzak.
Barne-barnetik idatzitako fikziozko ariketa egiatia da liburua, esan bezala, zeuretik asko duena, baina fikzioa da. Kezkatzen zaitu jendearen irakurketak? Zer beldur izan dituzu kaleratu baino lehen eta zer erantzun jaso dituzu kaleratutakoan?
Arazoak sortzen dizkit fikzio hitzak... Zaila egiten zait dauzkagun terminoekin liburua izendatzea, baina uste dut gehien gerturatzen dena ez fikziozko nobela dela. Gogorra egiten zait fikzioa deitzea, are gogorragoa autofikzioa. Aldiz, nobela terminoak ez dit arazorik sortzen. Uste dut beraz ez fikziozko nobela ongi doakiola.
Beldurrei buruz, zer esan? Erretratuan agertzen direnek nola ikusiko zuten euren burua, hori izan da beldur nagusia. Inork ez du argazkietan bere burua ikusten uste dena bezalakoa, ezta? Ezinezkoa litzateke, gainera, beste begi batzuekin begiratuta inor ez baita begi propioekin begiratuta bezalakoa, subjektiboa da begirada, eta abixatuta zeuden.
Ez dut momentuz sustorik izan!
'Eraikuntzarako materiala'
Mina dario testuari. Narrazioan, ez dago errukirik, narratzaileak halako batean dioen bezala, horrek pertsonaien eta irakurleen gainetik kokatuko bailuke idazlea, eta, aitzitik, berak parez pare egon nahi du. Zer irakurle izaten duzu buruan, argitaratzeko idazten ari zaren bitartean?
Bai, minari aurrez aurre begiratzeko modua izan da. Mina gobernatzeko nire modua izan da mina libre uztea, apaldu arte, bere konplexutasun eta inkoherentzian. Errukia ere egon badago, baina ez dago errukitik idatzita. Esango nuke sentimendu ugari daudela, ez guztiak ederrak eta txalogarriak, baina sentimenduak.
Ez dut irakurle jakin bat izaten buruan. Kasu honetan, are gutxiago. Argitaratzeko asmoz idatzi dut, bai; aldiz, intimitate sakon batetik aterakoak dira hitzak, beraz muturreko biren erdian aritu naiz lanean: publikoa eta pribatua. Tartean, artifizioa dago, nobela.
Zer sari izan du, baldin eta izan badu, idazten sentitutako minak? Hitzek metabolizatze ahalmena dutela dio narratzaileak, nola atera zara idazketa prozesutik?
Idazteak on egin dit, ezkarda zahar bat ateratzea bezalakoa izan da. Eta bai, hala izan da: idazte hutsak gertakizuna beste nonbaitera darama, metabolizatu egiten du; adibidez, mina, edo lotsa, edo menpekotasuna, edo maitasuna berrikustera zaramatza, eta berrikusketa horrek ezinbestean dakar aldaketa.
Pixka bat askeago irten naiz prozesutik, hala uste dut.
Luze-laburraz haratago, zer ate ireki eta zer muga ezarri dizkizu ipuinetik eleberrirako jauziak? Luzera handiago horrek baliabide literario erritmikoak (anaforak, zerrendak, paragrafo luzeen segidaren eta paragrafo laburren nahasketa, estilo zuzeneko elkarrizketak…) zorroztera behartu zaitu?
Idaztean, beti ematen diot garrantzi handia erritmoari. Aipatu dituzun baliabide horiek eta beste batzuk, isiluneak, adibidez, erabili ditut horretarako.
Ideia, pasarte, sentipen, irudi ugari dago, kaos txiki bat da heriotzak inguruan uzten duena, eta ez nion kaos eta zoramen sentsazio horri uko egin nahi, agertzea nahi nuen, baina dantza baten pean, non iraganak, orainak, etorkizunak, transzendentalak eta txorakeriak, fakturek, orgasmoek eta hautsitako gizakiek, maitasunak eta higuinak tokia izango zuten.
Ahoz goran irakurtzeak asko lagundu dit langintza horretan.
Lau ataletan banatuta dator eleberria. Zer asmori zor zaio egitura hori? Zer ematen dio ikuspegi batuketa horrek istorioari eta zergatik erabaki zenuen azken atalean aitak amari soldaduska garaian idatzitako eskutitzak gaineratzea?
Testura eta geruza asko nahi edota behar nituen, harreman konplexu batean gurutzatzen diren askotariko sentimendu maiz kontrajarriak agertzeko. Horretarako, ezinbesteko zitzaidan ikuspegi bat baino gehiago erabiltzea: alaba dago, lehenengo pertsonan; alaba dago hirugarren pertsonan; aita dago, lehenengo, bigarren eta hirugarren pertsonan; eta iraganaren eta orainaren perspektiba ere badago guztietan.
Gutunen partea (Joxe Mari Berasategik maisuki itzulitakoak) funtsezkoa iruditzen zait, aitak alabaren interferentziarik gabe hitz egiten duen une bakarra baita, ahots propioz.
Jendearen ahotsa entzutea inportantea da, jende guztiarena, literaturan ere bai, noski. Errepikaezinak eta ordezkaezinak diren matizak gordetzen dituzte.
Eider Rodriguez
Dramaren barruan, umore zipriztinak ageri dira tarteka. Zer toki hartzen du umoreak literaturaren zure kontzepzioan, hizpide dugun honen moduko istorio ilun baten barruan ere?
Umorea interesantea da istorio baten kontaerari dagokionez, tonua eta ondorioz erritmoa ere aldatzen baitu, ia beti dakar eztandatxoa, mugiarazi egiten zaitu zauden tokitxotik...
Hau bezalako kontakizun lohian, behar-beharrezkoa nuen umorea landareak eguzkia bezala; bai bizitzan baita literaturaren ere, aurrera egiteko arma bat da niretzat; daukadan letalena, segur aski.
Landareek, bide batez, presentzia nabarmena dute istorioan, azaletik bertatik hasita, eta iluntasunaren ifrentzua ordezkatzen dute tarteka. Itzala argitzen duten printzak dira, umorea bezala…
Hala da, bai, baina gerora ohartu nintzen landareen presentziaz... Aurreko erantzun bera eman niezazuke baina umorearen partez landareak jarrita...
Landareak bizitza ezdeus eta nanoak dira bizi garen zurrunbiloaren ertzetan: haiez arduratzea, haiei begiratzea... erresistentzia keinu absurdu bezain kontzientea da.
Isiltasuna erabili egiten du protagonistak aitaren kontra. Hala ere, "irten ez diren oihuek barrua infektatzen didate" dio, aldi berean. Nola bizi du protagonistak eta nola testuratu duzu isiltasuna Eraikuntzarako materiala lanean?
Liburua, nola begiratzen duzun, txatalez egina egon daiteke. Txatal horien artean dauden espazioak isiltasuna dira, eta niretzat idazketaren parte dira, zaindutako elementuak dira.
Isiltasuna literatur baliabide bat gehiago da: isiltasunaren inguruko hitzak daude, isildutako pasarteak daude, baina inportanteena, agian: tarteetan dauden eta zementu lana egin nahi duten espazio zuriak daude.
Liburua Bachen Nekaldia San Mateoren arabera lana entzuten idatzi duzula azaldu duzu. Nola idazten du Eider Rodriguezek, fisikoki? Zer behar du inguruan edo zerk gogaitzen du idaztera esertzen denean?
Nekaldia San Mateoren arabera entzunez idatzi dut liburu erdia edo, artean ez nekiela obrari buruzko ezertxo ere (gerora Maite Larburuk osatu dit obraren gaineko ezagutza erabat murritza). Batzuetan, behar nuen diapasoi tonua ematen zidan zerbait, eta horregatik hasi nintzen entzuten.
Ohean idatzi dut parte handi bat, eta beste bat kafetegietan. Idazteko, edariren bat (igual ez da sinesgarri geldituko, baina alkoholik gabekoa!) behar izaten dut ondoan, eta ahalik eta kanpo estimulu gutxien. Argi ederra baldin badago, oraindik eta hobeto.
"Liburuak dira leuntzen nauen erreka", dio narratzaileak halako batean. Zein errekatan murgildu da gustura azkenaldian Eider Rodriguez? Zer hiruzpalau liburuk eman dizute arreta azkenaldian?
Zero kilometrodun bik: Lander Garroren "Faith"ek eta Sara Moranteren "Flor fané"k; Alaine Agirreren "Karena"k; eta Itziar Ugarteren "Gu gabe ere"k.
Liburu honetan egin duzun bezalako huste ariketa baten ondoren, zelako gorpuzkera gelditzen zaio idazleari? Ikusten duzu amildegirik, paper zuriaren aurrean berriro jartzeko orduan?
Fikzioa idazteko gorputzaldia neukan, eta dagoeneko hasi naiz gosea berdintzen.