Literatura
Martxoak 23-27
Gutun Zuria Bilbon egingo dute, mugak hausteko asmoz
N. V. | EITB Media
Damián Tabarovsky, Paul B Preciado, Eider Rodriguez eta Miren Agur Meabe idazleek hartuko dute parte literatura jaialdian, besteak beste.
-
Miren Agur Meabe idazleak parte hartuko du Gutun Zurian
Damián Tabarovsky, Alexei Yurchak, David Le Breton, Marta Peirano, Kaouther Adimi, Paul B Preciado, Eider Rodriguez, Aixa de la Cruz, Katixa Agirre, Txani Rodriguez eta Miren Agur Meabe dira Gutun Zuria letren jaialdian, Bilbon, martxoaren 23tik 27ra parte hartuko duten idazleetako batzuk.
Aurten, pandemiaren ondorioz, jaialdiak aurrez aurreko hainbat ekitaldi eskainiko ditu Azkuna Zentroan, eta beste hainbat idazlek Internet bidez edo podcastetan hartuko dute parte.
Gonbidatutako idazleen artean egongo dira Tabarovsky argentinarra, “Literatura de izquerda” saiakeraren egilea, eta Le Breton eta Yurchak antropologoak, azken hori komunismoaren amaieran aditua.
Eleberrigileak ordezkatzeko, Kaouther Adimi aljeriarra eta Eider Rodriguez, Aixa de la Cruz, Katixa Agirre, Txani Rodriguez eta Miren Agur Meabe euskal idazleak izango dira.
Gainera, Gutun Zuriak joan den urteko edizioa berreskuratuko du “Saiakera hemen hasten da” liburu kolektiboaren bidez; joan den urteko edizioan parte hartu behar zuten idazleen aleak bildu dituzte.