Literatura
Euskadi literatura saria
Joseba Sarrionandia, ihes eginda dagoen idazle baten biografia
Erredakzioa
1985etik ihes eginda dagoen arren, idazle emankorrenetakoa da Sarrionandia euskarazko literaturan.
-
Joseba Sarrionandia, ihes eginda dagoen idazle baten biografia
Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) idazleak irabazi du aurten Euskadi literatura saria, euskarazko saiakeraren atalean. Eusko Jaurlaritzak ez dio saria emango, "Justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean". Izan ere, Sarrionaindia ihes egin dago 1985etik, ETAko kide izateagatik kartzelan zela bertatik ihes egin zuenetik.
Euskadi literatura saria ez da idazleak ordudanik irabazi duen lehena. Kritikaren Euskarazko Narratiba saria (1986an eta 2001ean), Literatura Kritikarien Espainiako Elkarteak ematen duen euskarazko narratiba saria (2002) eta Gipuzkoako liburu-saltzaileek urtero ematen duen Zilarrezko Euskadi saria irabazi ditu.
Poesia, saiakera, kontaketa laburrak eta eleberriak idatzi ditu Sarrionandiak, eta euskarazko literaturako idazle emankorrenetako bat da.
Joseba Sarrionandia Uribelarrea ('Sarri') Iurretan jaio zen, 1958ko apirilaren 13an. Euskal Filologian lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean, eta irakasle ere izan zen Bergara UNED unibertsitatean.
Bere lehen lanak 'Anaitasuna', 'Ibaizabal', 'Zeruko Argia', 'Pott', 'Jakin', 'Oh Euzkadi' eta 'Egin' argitalpenetan kaleratu zituen, eta, Bernardo Atxaga, Manu Erzilla, Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joxemari Iturralde idazleekin batera, Pott Banda izeneko taldearen kide ere izan zen. Garai hartan kaleratu zuen 'Izuen gordelekuetan barrena' bere lehen liburua.
1980an, 22 urte zituela, 27 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ETAko kide izatea leporatuta. Urte hartan bertan hiru literatur sari irabazi zituen. 1985eko uztailaren 7an, Martuteneko kartzelatik ihes egin zuen, Iñaki Pikabea presoarekin batera. Imanol kantariak bertan eman zuen kontzertuaren ondoren bozgorailuetako batean ezkutatuta lortu zuen alde egitea. Kortatu taldeak ''Sarri, Sarri'' kantu ezagunean jaso zuen gertaera.
Ordutik, ihes eginda bizi da Sarrionandia, baina irakurleek etenik gabe jaso dute bere literatura lanaren emaitza. 'Ni ez naiz hemengoa', 'Atabala eta euria', 'Hau da ene ondasun guzia', 'Lagun izoztua', 'Narrazioak', 'Ifar aldeko orduak', 'Ez gara geure baitakoak' eta 'Han izanik hona naiz' dira bere lanik ezagunenetako batzuk. Gainera, T.S. Elliot olerkari eta antzerkigile anglo-estatubatuarraren poemen euskarazko itzultzaile nagusia da Sarrionandia.
Idazlearen poemei musika jarri zien Mikel Laboak, eta Kukai dantza taldeak ere taularatu izan ditu.
Bibliografia
'Izuen gordelekuetan barrena'. 1981, BAK.
'T. S. Eliot euskaraz'. 1983, Hordago.
'Narrazioak'. 1983, Elkar.
'Ni ez naiz hemengoa'. 1985, Pamiela.
'Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak'. 1985, Pamiela.
'Atabala eta euria'. 1986, Elkar.
'Marinel zaharrak'. 1987, Elkar.
'Marginalia'. 1988, Elkar.
'Ez gara geure baitakoak'. 1989, Pamiela.
'Ainhoari gutunak'. 1990, Elkar.
'Ifar aldeko orduak'. 1990, Elkar.
'Hezurrezko xirulak'. 1991, Elkar.
'Han izanik hona naiz'. 1992, Elkar.
'Gartzelako poemak'. 1992, Susa.
'Miopeak, bizikletak eta beste langabetu batzuk'. 1995, Erein.
'S. T. Coleridge: Marinel zaharraren balada'. 1995, Pamiela.
'Hnuy illa nyha majah yahoo'. 1995, Elkar.
'Hitzen ondoeza'. 1997, Txalaparta.
'Manuel Bandeira: Antologia'. 1999, Pamiela.
'Hau da ene ondasun guzia. 1999, Txalaparta.
'Lagun izoztua'. 2001, Elkar.
'Kolosala izango da'. 2003, Txalaparta.
'Akordatzen'. 2004, Txalaparta.
'Ni ez naiz hemengoa'. 2006, Pamiela.
'Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak'. 2006, Pamiela.
'Ez gara geure baitakoak'. 2006, Pamiela.
'Zazpi herrialdetako ipuinak'. 2008,
'Moroak gara behelaino artean?' 2010, Pamiela
Sariak
· Resurrección María de Azkue poesia saria: 'Izuen gordelekuetan barrena' (1980).
· Ignacio Aldekoa saria: 'Maggie, indazu kamamila'. (1980)
· Bilbo Hiria ipuin lehiaketa: 'Enperadore eroa' (1980).
· Kritikaren euskarazko narratiba saria: 'Atabala eta euria' (1986)
· Kritikaren euskarazko narratiba saria: 'Lagun izoztua' (2001).
· Euskadi literatura saria, euskarazko saiakeran: 'Moroak gara behelaino artean?' (2011).