Literatura
Elkarrizketa
Irati Elorrieta: "Ahaztearen kontrako ekintza da idaztea, neurri batean"
Natxo Velez | eitb.eus
Berlinen kokatu du Elorrietak “Neguko argiak”, 2019ko Euskadi Literatura sariaren eleberri irabazlea. Aurrera egiteko ahalegin saihetsezin baina alimalekoan ari diren herritarrak ekarri ditu nobelara.
-
"Neguko argiak" Irati Elorrietaren eleberriak Euskadi Literatura saria jaso zuen iaz
Bizitzaren zirimolan ezinbestean hara-hona dabiltzan herritar arrunten istorioak argitzen ditu “Neguko argiak” (Pamiela, 2018) Irati Elorrietaren eleberriak, 2019ko Euskadi Literatura sariaren lan irabazleak, Euskarazko Literatura atalean.
Arrandiatik urrun, eleberriaren bertute handienetakoa den tonu sotil, egiati eta, hortaz, gupidagabez, Elorrietak bizitzan aurrera egiteko eta iraganarekin adiskidetzeko borrokan ari diren pertsonaiak aurkezten dizkigu Berlinen, bizitoki duen hirian, kokatu duen istorioen istorioan.
Uribe Kostan, Vietnamen, Parisen, Danimarkan zein Berlingo kaleetan bertan bizipenez eta etorkizuneko oroitzapenez betetako motxila arrastaka daramatela, bere epopeia txikia bizi dute Elorrietaren eleberriko pertsonaiek, haize apetatsua alde zein kontra dutela tarteka, eta argi barean erakusten zaizkigu horien ibilera eta hausnarketak.
Elorrietarekin hitz egin dugu.
‘Burbuilak’ zure aurreko lanetik ‘Neguko argiak’ honetara hamar urte joan dira. Zerk eraman zintuen paper aurrean jarri eta “Neguko argiak” idaztera eta zer bide izan du idatziak esku artean irakurri dugun eleberria bihurtu arte?
“Burbuilak” idazten bukatu eta berehala hasi nintzen “Neguko argiak” izango zena idazten. Idazteko beharra beti izan dut. Kontua izaten da nola egin lekua behar horri, eta “lekua” esaterakoan “denbora” esaten ari naiz.
Idazten hasi nintzen hori tiraderan gorde dut behin eta berriro. Atera ere bai, behin eta berriro. Hasierako ideia eta pertsonaia gehienak bukaeraraino heldu dira, baina denboran zehar geruza eta hari berriak gehituz joan naiz, bidean aurkitzen joan naizen material eta gogoetekin. Oso prozesu organikoa izan da.
Idazteak niretzako zuen garrantzia onartzeak eraman ninduen momentu batetik aurrera idazteari behar zuen lekua egiteko erabaki irmoagoa hartzera.
Parisko Komuna, asiar jatorriko etorkinen lekukotasunak… Agerikoa da eleberrian zipriztinduta agertzen diren hainbat gairen atzean informazio asko bildu duzula. Horien berri irakurri izanak ekarri ditu gaiok testura edo testura ekarri nahi zenituelako dokumentatu zara beraiei buruz?
Boterea, erresistentzia, gerra, identitatea, memoria… hainbat ispilutan irudikatuta agertzen dira nobelan. Eleberrian kontatu nahi nuenarekin lotuta dauden gaiak dira zuk aipatutako adibideak. Istoriotik abiatuta egiten ditut loturak.
Beste leku eta garai batzuetako gertakariek oihartzuna dute orainaldian. Parisko Komunaren kasuan, Martaren gelako horman dagoen ikatzezko irudi bat da abiapuntu konkretua, eta bai, asko irakurri nuen garaiaz.
Vietnamgo iheslarien kasuan, irakurtzeaz gain, elkarrizketa luzeak ere egin nituen. Eleberriko hainbat pasarte osatzeko jo dut elkarrizketak egitera. Baina, egia esan, idazlea etengabe eta batzuetan ohartu gabe ere, bere egunerokoan, “dokumentatzen” ari dela uste dut.
Berlin hiriko txokoak, berriz, era naturalean agertzen dira testuan. Posible litzateke istorio hau Berlin (Paris eta Uribe Kosta) barik?
Kontatzen ditudan istorioak (lagunen artekoak, bikote baitakoak, auzokideen artekoak) beste nonbait ere koka litezke. Berlin, Paris eta Uribe Kosta faltako lirateke, eta hirurak dira eleberrian garrantzia duten osagaiak.
Lekuek garrantzia dute nire idazteko moduan, pertsonaiek eta gertaerek bezainbeste. Testuaren giroa sortzeko materialetako bat dira lekuak, eta kanpoaren eta barruaren arteko etengabeko harremanean jarri ditut: natura eta hiria, parkea eta sukaldea, pertsonen arteko harremanak eta norberak bere buruarekin duen bakarrizketa.
“Neguko argiak” eleberrian zabaltzen den pertsonaia sarea ezegonkorra da: ihesean ari dira, bizirauten. Zerk geldiarazten ditu? Zerk eragozten die atzean dutenarekin haustea?
Haustura bera posible ote den planteatzen da une batzuetan, zerotik hasterik ba al dagoen edo beti hasten garen gauden tokitik. Eta gauden tokira nonbaitetik heldu gara.
Iragana kudeatzeko estrategia ezberdinak dituzte pertsonaiek. Gutako bakoitzak aurkitu behar du bere modua iraganeko zama eta mamuekin bizitzeko.
Galera oso presente dago, Estebanen pertsonaiaren bidez batik bat (baina ez bakarrik). Zein neurritan eragiten gaitu galdu dugunak?
Eleberria galdera horren inguruan bueltaka dabil. Iraganari eta galerari leku bat egiteko ahaleginaz ari da. Idaztea bera, neurri batean, ahaztearen kontrako ekintza da.
Zelan hartu zenuen Euskadi Literatura saria? Zer garrantzi ematen diozu?
Sariari esker liburuak irakurleak aurkitu dituela iruditzen zait, eta horrek pozten nau.
Berlinen bizi zara. Euskal literaturarekin harremana izango duzula imajinatzen dut, liburuen beren eta hedabideen bidez, baina eguneroko hitzaldi, aurkezpen eta abarren mundutik at zaude. Nola bizi duzu euskal literatura kanpotik? Zer abantaila edo desabantaila ditu Euskal Herritik kanpo bizitzeak?
Bai, irakurtzen dudana heltzen zait, baina ez zuzenekoa. Oso harreman gutxi dut beste idazle batzuekin edota irakurleekin. Hizkuntzarekin berarekin ere, batez ere idatzizkoa dut harremana.
Ez diot abantailarik ikusten nire egoerari, baina auskalo! Agian Euskal Herrian bizi den idazleren batek pentsatuko du batzuetan distantzia gehiago nahiko lukeela berarentzat.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Bai, baina idazteko denborarik gabe nago berriz ere…