Literatura
Gipuzkoako Aldundiaren saria
Arantxa Urretabizkaiak jasoko du 2019ko Anton Abbadia saria
Agentziak | Erredakzioa
Abenduaren 2an jasoko du saria idazleak, Donostian, “bizitza osoa euskararen alde lanean” aritzearren.
-
Abenduaren 2an jasoko du saria Urretabizkaiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarrari emango dio 2019ko Anton Abbadia saria, epaimahaiak aho batez hala erabakita. Ohitura den moduan, abenduaren 2an jasoko du saria irabazleak, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, Foru Jauregian egingo den ekitaldian.
"Urretabizkaiak bizitza osoa darama euskararen alde lanean, baita egoerarik zailenetan ere; euskara batuaren erabilera normalizatzea lortu zuen eta gure hizkuntza aro modernora ekarri zuen belaunaldiaren ordezkaria da. Gainera, aitzindaria izan da euskal literaturan emakumearen gaineko imajinarioaren aldaketan", azaldu du Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak.
Urretabizkaiak Udane Juaristi azkoitiar artistaren obra bat jasoko du.
Literatur sorkuntzaren hainbat esparrutan nabarmendu da Urretabizkaia. Bere lan aipagarrienen artean daude, besteak beste, 'Zergatik, Panpox' (1979), 'Koaderno gorria' (1998), '3 Mariak' (2010), 'Zuri-beltzeko argazkiak' (2014) eta 'Bidean ikasia' (2016).
Anton Abbadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996an, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzeko asmoz.