Itxi

Literatura

Aurkezpena

Xola aurreiritzien aurka, Bernardo Atxagaren lan berrienean

Erredakzioa

Errealismoari helduta idatzi du idazle gipuzkoarrak 'Xola eta Ameriketako izeba'.

Xola eta Ameriketako izeba, Xola txakurtxoaren abenturen laugarren argitalpena, aurkeztu du Bernardo Atxaga idazleak. Autorearen hitzetan, fantasiak gazteen literatura eta zinema betetzen dituen garaian, balore ''demokratikoak'' igorri nahi izan ditu. Errealismoaren bideari jarraitu nahi izan dio Xolaren kontu bildumetan, ''mundu demokratiko batean'' gertatzen dena irudikatu nahian.

Pedagogiaren bidetik, aurreiritziek gugan zer eragin dituzten kontatu nahi izan du, eta emakumeekiko aurreiritzietan jarri du arreta oraingoan batik bat. Xola erabili du horiek irudikatzeko, eta Ameriketatik etorritako izebarekin zituen aurreiritziak gaindituko ditu, liburuak aurrera egiten duen heinean.

''Etxeko bizikidetza infernua izango dela imajinatzen du Xolak'', esan du idazleak, eta kontakizunaren amaieran txakurtxoa guztietan matxistena bera dela ohartuko da.
Atxagaren arabera literaturak, baita gaztetxo eta nerabeei zuzendutakoak ere, balore eta ideiak helarazi behar ditu, baina ez agerian, kontaeraren mamian baizik. Forman bakarrik oinarritzen den ipuina apaingarri soil bilakatzen dela uste du idazleak.

Erein argitaletxeak kaleratu du Xola eta Ameriketako izeba liburua. Atxagak esandakoaren arabera, datorren udaberrirako izango da prest gaztelaniazko bertsioa.