Itxi

Literatura

Literatura

Ana Maria Matuterentzat aurtengo Cervantes saria

Erredakzioa

''Gabonetan hasi behar dudan liburu berria idazten ospatuko dut saria'', esan du 85 urteko idazleak. Hispaniar literaturaren saririk garrantzitsuena da.

Ana Maria Matute idazleak lortu du 2010eko Cervantes saria. Espainiako Kultura Ministerioak ematen du urtero goraipamena, eta saririk garrantzitsuena da hispaniar literaturan. Cervantes saria duela 35 urte ematen hasi zirenetik, jaso duen hirugarren emakumezkoa da Matute. Aurretik María Zambrano (1988an) eta Dulce María Loynaz (1992an) saritu dituzte. 125.000 euro jasoko ditu Matutek. 125.000 euro jasoko ditu Matutek.

Idazlea pozik agertu da saria eman diotela jakindakoan. ''''Bizitza osoan gertatu zaidanari aitortutako saria ere bada aipamen hau'''', esan du, bere literatura ibilbide osoa hizpide hartuta. ''''Ilusio handia egiten zidan, eta gaur ez dut lorik egin, emango ote zidaten pentsatzen'''', esan du. 85 urte bete ditu aurten Matutek, baina, gaur adierazi duenez, liburu berri bat idazteari ekingo dio Gabonetan. ''''Lan berria idatziz ospatu nahi dut saria. Ilusioz eta kemenez ekingo diot lanari'''', gaineratu du.

Ana Maria Matuteren ustez ''''sariak jasotzeko idazten dute batzuek''''. ''''Baina-gaineratu du- beste batzuentzat bizitza ulertzeko modua da idaztea''''. ''''Dena den, on egiten du sariak jasotzekoak''''.

Ana Maria Matute Ausejo (Bartzelona, 1925) luzaroan egon izan da Cervantes saria jasotzeko faboritoen zerrendetan. Hogei bat eleberri idatzi ditu, eta horien artean aipatzekoak dira Los hijos muertos (1959) eta Los soldados lloran de noche. Kontakizunen artean ere, bereak ditu El país de la pizarra (1956) eta El polizón del Ulises lan ezagunak. Espainiako Hizkuntzaren Errege Akademiako kide da, eta hainbat sari irabazi ditu, tartean Planeta saria, Nadal saria eta Literatura Sari Nazionala.

85 urte bete ditu aurten, eta lan berria kaleratu du: Puerta de la Luna (Destino). Bere ibilbide luzean idatzitako ipuin guztiak bildu ditu bertan.

Gaur eman du jakitera Angeles Gonzalez Sinde Kultura ministroak 2010eko Cervantes sariaren irabazlearen izena, epaimahaiak bilera egin ondoren. Sindek azaldu duenez, sei bozketa egin dituzte, eta azken botazioan erabaki dute, gehiengoz, saria Matuteri ematea.