Literatura
Irailak 18-22
Euskal Poesiaren IX. BBK Asteak Pott Banda omenduko du Bilbon
Irailaren 18tik 22ra, Bilboko BBK Aretoak 70eko hamarkadako literatur taldera gerturatzeko modua eskainiko du. Gainera, Karmelo Iribarrenen eta Felipe Juaristiren saioa ere prestatu du, besteak beste.
-
Bernardo Atxagak eta Joxemari Iturraldeko osatu zuten Pott Banda, besteak beste
Euskal Poesiaren BBK Astearen bederatzigarren edizioa irailaren 18tik 22ra izango da, eta Pott Banda omenduko du aurten. Egitarauan errezitaldiak eta hitzaldiak izango dira, eta sarrera librea izango da, Bilboko BBK Aretoko eserlekuak bete arte.
Antolatzaileek gogoratu dutenez, Pott Banda literatur taldea euskal artisten talde batek sortu zuen Bilbon 1977an. Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika, Jon Juaristi, Manu Ertzilla eta Joxemari Iturralde gazteek osaturiko taldeak "euskal literatura iraultzea" lortu zuen hiru urteko ibilbidean.
Zikloa hasteko, irailaren 18an, Joseba Sarrionandiaren, Bernardo Atxagaren eta Jon Juaristiren poesien irakurketa bat izango da, "Itsaso debekatuak" izenburupean. Galatea taldeak jarriko die ahotsa hiru artisten poesiei.
Irailaren 19an, Bernardo Atxaga bera arduratuko da Pott Bandaren inguruan hain ezagunak ez diren gakoetako batzuk azaltzeaz.
BBK Poesia Asteak irailaren 20an jarraituko du, "Bertso gurutzatuak" jardunaldiarekin. Karmelo Iribarren eta Felipe Juaristi olerkari gipuzkoarrek "buruz buruko poetikoa" izango dute.
Irailaren 21ean, Beñat Arginzoniz idazlearen olerkiak eta Juanjo Navas flamenko kantariaren ahotsa elkartuko dira "Norte Jondo" diskoaren aurkezpenean.
Emakumezkoen ahotsekin bukatuko da Euskal Poesiaren IX. BBK Astea, irailaren 22an. "Lau euskal poeta" emanaldiarekin. Blanca Sarasuak, Maria Maizkurrenak, Miren Agur Meabek eta Itziar Minguezek hainbat belaunaldi eta estilo poetiko ordezkatuko dituzte agertokian.