Literatura
Andoainen
Kirmen Uribek 111 Akademiaren saria jaso du
eitb.eus
Akademiako kideek emandako botoei esker, ondarroar idazleak bereganatu du 2016ko liburu onenaren saria, “Elkarrekin esnatzeko ordua” eleberriagatik.
-
Kirmen Uribe
Kirmen Uribe idazleak 111 Akademiaren saria jaso du gaur Andonainen, Bastero kulturgunean, “Elkarrekin esnatzeko ordua” eleberriagatik. Ekitaldi horretan, irakurleek liburu sarituko hainbat pasarte irakurri dituzte, Audience talde gernikarraren musika lagun dutela.
“Elur bustia” Pello Lizarralderen lanari gailendu zaio Kirmen Uriberen eleberria akademiakideen azken bozketan. “Elkarrekin esnatzeko ordua” lanak Karmele Urrestiren eta Txomin Letamendiren askatasun egarria eta erresistentziarako adorea ditu kontagai: familia baten bizipenak jasoz, ametsen eta ezintasunen kronika nobelatua da, Susa argitaletxeak azaltzen duenez, XX. mendeko gure historiaren atal berezi bat.
Aurreko urteetan, liburu hauek saritu ditu 111 Akademiak: “Atertu arte itxaron” (Katixa Agirre), “Su zelaiak” (Mikel Peruarena), “Kristalezko begi bat” (Miren Agur Meabe), “Martutene” (Ramon Saizarbitoria), “Twist” (Harkaitz Cano), “Fikzioaren izterrak” (Ur Apalategi), “Nora ez dakizun hori” (Irati Jimenez), “Zoaz infernura, laztana” (Anjel Lertxundi), “Antzararen bidea” (Jokin Muñoz), “Amaren eskuak” (Karmele Jaio), “Hauts bihurtu zineten” (Juan Kruz Igerabide), “Gauza txikien liburua” (Pako Aristi), “Soinujolearen semea” (Bernardo Atxaga), “Zorion perfektua” (Anjel Lertxundi), “Lagun izoztua” (Joseba Sarrionandia), “Gorde nazazu lurpean" (Ramon Saizarbitoria), “Eta emakumeak sugeari esan zion” (Lourdes Oñederra), “Nik ere Germinal! egin nahi nuen aldarri” (Koldo Izagirre), “Gauak eta hiriak” (Ur Apalategi) eta “Elgeta” (Joxean Agirre).