Literatura
Apirilak 25 - maiatzak 1
'Ospakizuna' izango da Gutun Zuriaren hamargarren edizioaren ardatza
eitb.eus
Besteak beste, Annie Proulx, Siri Hustvedt, Diamela Eltit, Kirmen Uribe, Jean-Claude Carriere eta Guillermo Arriaga idazleen hausnarketak entzun ahalko dira Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdian.
Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren hamargarren edizioa apirilaren 25etik maiatzaren 1era egingo dute. Horretan, idazleek hitza hartuko dute, sorkuntzan eta arlo pertsonalean izandako esperientzietatik abiatuta, gaur egungo gizarteaz hausnarketa egiteko.
'Ospakizuna' izango da aurten jaialdiaren ardatz tematikoa, eta, besteak beste, bertan arituko dira Annie Proulx, Siri Hustvedt, Diamela Eltit, Kirmen Uribe, Jean-Claude Carrière eta Guillermo Arriaga idazleak.
Aurten, gainera, poesiak ere protagonismoa izango du: Chantal Maillardek, Clara Janesek, Darío Jaramillok, J.A. Gonzalez Iglesiasek eta Beñat Sarasolak errezitaldi poetiko bat eskainiko dute.
Dantza eta eskultura
Aurtengo Gutun Zuriaren inaugurazioan, Olatz de Andresek ‘The Endgame’ antzeztuko du, Azkuna Zentroaren 2016ko Amphytrion Egonaldien Programan sortutako dantza ikuskizuna.
Horrez gain, apirilaren 25etik maiatzaren 1era, Azkuna Zentroko Kulturen atariak Luzinterruptus kolektiboak sortutako eta herritar guztiei zabalik dagoen instalazio artistikoa hartuko du.
Halaber, ‘Odiseak 1937-2017’ antzezpen musikala ere taularatuko dute, ‘Gerrako haurrak’ erbesteratu zituztenetik 80 urte igaro direla eta. Gerra Zibilean bizi izandako egoera eta hainbat gerraren ondorioz gaur egun alde egin duten errefuxiatuen egoera erkatzen ditu ikuskizun horrek.