Itxi

Literatura

Arriagan

Atxagak ‘Hondarrak’ errezitaldia eskainiko du asteartean, Bilbon

Agentziak | Erredakzioa

Idazleak “memorian hondarrak balira gelditutako gertaerak” hartuko ditu hizpide asteartean, hilak 31, Arriaga antzokian egingo duen saioan.

Bernardo Atxaga izango da Bilboko Arriaga antzokiaren Gelatxoak ekimenaren hurrengo protagonista, "Literatura eta Musika Euskaraz" antzokiak berak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako zikloaren barruan. Asteasuko idazlea antzokiaren foyerrean izango da asteartean, urtarrilaren 31n, 20:00etatik aurrera, "Hondarrak" errezitaldi poetikoa eskaintzeko.

Arriaga antzokitik jakinarazi dutenez, "Hondarrak" izenburuari lotuta, idazleak hainbat gertaera hartuko ditu aintzat, gehienak hurbiletik ezagututakoak eta bere memorian "hondarrak balira gelditutakoak". "Gai bat presondegi batera egindako bisita izan daiteke, edota baserri bateko sukaldean norbaitek kantatutako sehaska kanta", dio Atxagak berak.

"Hondarrak" errezitaldirako sarrerak 12 eta 15 euro artean eros daitezke.