Literatura
Heriotza
Jose Saramago: biografia
Erredakzioa
Idazle portugaldarrak bere kasa ikasi zuen Literatura, zuen borondate eta jakin-minari esker. 1947an idatzi zuen bere lehenengo eleberria, A Viuva.
Jose de Sousa Saramago Azinhagan (Portugal) jaio zen 1922ko azaroaren 16an, baserri giroko familia batean, eta 1924an Lisboara joan zen gurasoekin eta anaia zaharrarekin. Bertan lehen hezkuntza ikasi zuen eta Batxilergoko ikasketak hasi zituen.
Baina idazleak ezin izan zuen bigarren hezkuntza amaitzerik izan familiaren arazo ekonomikoengatik, eta 12 urte besterik ez zituenean, heziketa profesional eskola batean sartu zen sarrailagile mekaniko lanbidea ikasteko. Bost urtez ikasi ondoren, bi urtez aritu zen lanean Lisboan.
Sarrailagile ikasketak egiten zituen bitartean, Saramagok Literatura ikasteko aukera izan zuen. Garai hartan, Lisboako liburutegi publikora maiz joaten hasi zen gauez. "Eta horrela garatu zen nire irakurzaletasuna, aholkurik eta laguntzarik jaso gabe, jakin-minak eta borondateak bultzatuta", idatzi zuen idazleak bere izena duen fundazioaren webgunean.
Horri esker, Saramago literaturaren munduarekin jarri zen harremanetan, 1947an lehenengo eleberria argitaratu zuen, A Viuva, baina "arrazoi editorialengatik" Terra do pecado izenarekin kaleratu zen. Lan horren ostean, Claraboia eleberria idatzi zuen, baina oraindik ez da argitaratu, eta gero sekula amaitu ez zuen liburu bati ekin zion. Idazlearen arabera, azken proiektu hori utzita, "merezi zuen ezer ere ez zitzaidan geratu esateko", eta ez zuen gehiago idatzi 1966 arte.
Dena dela, Saramago 50eko hamarkadaren amaiera aldera itzuli zen literaturara Estudios Cor argitaletxean sartuta. Bertan, idazle portugaldar garaikide garrantzitsuenak ezagutu zituen. Era berean, eta "familiaren aurrekontuak hobetzeko asmoz", Leon Tolstoi, Charles Baudelaire eta beste idazle batzuen liburuak itzuli zituen.
1966n, 20 urtez sortu gabe izan ostean, Os poemas possiveis poema bilduma argitaratu zuen. Hori horrela, Saramagok heldutasun garaian lortu zuen literaturako maila gorena, Memorial do convento (1982) edo Ensaio sobre a cegueira (1995) liburuekin, batez ere.
1980an, Levantado do chao idatzi zuen, eta horrek markatu zuen idazlearen estiloa, fantasia, puntuazio zeinuen erabilera berezia, etab.
Saramago eta kazetaritza
1971n, argitaletxea utzi zuen eta kazetaritzan murgildu zen Diario de Lisboa kultur gehigarriaren arduradun gisa, eta lau urte geroago, Diario de Noticiaseko zuzendariaren ondoko izendatu zuten. Zazpi hilabete igarota, kaleratu egin zuten arrazoi politikoengatik, eta ordutik, literaturan jardun zuen etengabe.
"Berriz ere enplegurik gabe, Salazariren diktaduraren ondoriozko egoera politikoagatik eta lana bilatzeko aukerarik gabe, buru belarri ekin nion literaturari: bazen garaia nire idazle gaitasuna noraino irits zitekeen jakiteko", adierazi zuen behin Saramagok.