Itxi

Literatura

Heriotza

García Márquezen errautsak Mexikon eta Kolonbian botako dituzte

Erredakzioa

Astelehen arratsaldean omenaldi publikoa egingo diote Mexikon, ekitaldi pribatu batean erraustu ostean. Etengabekoak izan dira elkartasun mezuak mundu osoan.

Gabriel García Márquez Literatura Nobel saridunaren errautsak Mexikon eta Kolonbian botako dituzte, José Gabriel Ortiz Kolonbiak Mexikon duen enbaxadoreak iragarri duenez.

Ostegunean 87 urte zituela hil zen idazle kolonbiarrak Mexikon zuen etxeko atarian egin ditu adierazpenok enbaxadoreak, hedabideen aurrean. "Mexikon errauts batzuk geratuko dira, eta pentsatu nahiko nuke Kolonbiara ere eramango dituztela beste batzuk", esan du enbaxadore kolonbiarrak.

Enbaxadoreak Milenio telebista katean esandakoaren arabera, kolonbiarrek ere omenaldi propioa egin nahi diote idazleari, eta, beraz, asmoa da "errauts batzuk hara eramatea".

García Márquez Mexikon bizi zen 70eko hamarkada hasieratik, baina ez du inoiz galdu kolonbiar naziotasuna.

Ortizek Mexikoko Arte Ederretako Jauregian 'Cien años de soledad' liburuaren egileari egingo dioten omenaldiaren nondik norakoen berri eman du. Azaldu duenez, berak eta Rafael Tovar Kultura eta Arteen Kontseilu Nazionaleko zuzendariak  jasoko dituzte García Márquezen errautsak, familiaren eskutik. Ekitaldia 16:00etan hasiko da (Euskadin 23:00ak direnean), Arte Ederren Jauregian, eta Ortizek berak eta Tovarrek egingo dute ohorezko lehenengo guardia, enbaxadorearen hitzetan.

Ohorezko azken guardia, berriz, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak eta Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak egitea espero da.

Bestalde, Tufi Hatum Ariasek, Gabriel García Márquezen jaioterriko alkateak, errauts batzuk hara bidaltzeko eskatu dio Santos presidenteari. Kristalezko kutxa batean sartu eta herriko museoan jarri nahi dituzte.

Kolonbiarrek ere omenaldia egingo diote García Márquezi

Mariana García Kolonbiako Kultura ministroak iragarri duenez, Kolonbiak ere omenaldia egingo dio Gabriel García Márquez zenari.

"Astearte honetan, Kolonbiako Gobernuak, Juan Manuel Santos buru duela, 'Gabo'ri omenaldia egingo dio Bogotako Primada katedralean egingo den ekitaldi batean", adierazi du Kultura Ministerioak bere twitter kontuan.

Zeremonia horretan Kolonbiako Orkestra Nazionalak parte hartuko du, eta Mozarten Requiema joko du.

Egun bat geroago, 'Gabo Irakurketa Nazionala' erakusketa zabalduko du Santos presidenteak Hizkuntzaren eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira.

Gabriel García Márquez ostegunean hil zen Mexikoko hegoaldean duen etxebizitzan, ospitalean hainbat egun egon eta gero, pneumonia batek jota.

Gorpua hiriburuko beilatokira eraman, eta han erraustu dute ekitaldi pribatu batean, senideek hala eskatuta.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Mexiko albisteak