Literatura
Heriotza
Gabriel García Márquez hil da
García Márquezen gorpua ekitaldi "pribatu" batean erraustuko dute, eta astelehenean omenaldi publikoa egingo diote Mexikoko hiriburuan. Hiru dolu egun deitu dituzte Kolonbian, idazlearen omenez.
Gabriel García Márquez, XX. mendeko idazle garrantzitsuenetarikoa eta 1982an Literaturaren Nobel saria irabazitakoa hil da ostegun honetan, apirilak 17, Mexikon duen etxean, 87 urte zituela. Kolonbiako idazleak kritikaren eta publikoaren onespena lortu zuen "Crónica de una muerte anunciada", "El amor en tiempos de cólera" eta "El coronel no tiene quién le escriba" eleberriekin, baina batez ere bere lehen arrakastarekin: "Cien años de soledad".
García Márquez martxoaren 31ean ospitaleratu zuten pneumonia zuela eta. Astebete egin zuen ospitalean birikietako eta gernu-bideetako infekzioa eta deshidratazioa sendatzeko. Medikuek hobera egin zuela adierazi zuten orduan, baina idazlearen osasun egoerari buruzko berriak etengabeak izan dira ordutik, eta minbizi linfatikoa txartu zitzaion zurrumurrua ere zabaldu zen.
Astelehenean familiak onartu zuen idazlea oso makal zegoela, eta larritasunaren barruan egonkor bazegoen ere, konplikazioak egoteko arriskua zegoela.
Ostegun honetan, apirilak 17, hil da Gabriel García Márquez, Mexikoko bere etxean, 87 urte zituela.
Dozenaka senide eta lagun hurbildu dira idazlearen etxera, horien artean Gonzalo, idazlearen semeetako bat.
Etxearen inguruan kazetari asko dauden, baina senideek ez dute García Márquezen heriotzaren inguruan zehaztasunik eman.
Gauean, polizia-hesia jarri dute idazle kolonbiarraren etxe inguruan, jendea eta autoak igaro ez daitezen.
Hiru dolu egun
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak hiru dolu egun ezarri ditu Garcíaa Márquezen omenez.
"Gabriel García Márquezen omenez dolu nazionala ezarri dut hiru egunez, eta eraikin publiko guztietan banderak masta erdian jartzeko agindu dut. Kolonbiarrek ere euren etxean gauza bera egitea espero dugu", esan du bart Santosek.
Presidentearen esanetan, "herrialde osoa doluz jantzi da, herrikide maitatu eta beneratuena joan zaigu eta". "Márquez izan da gure herriaren izena, gure historia osoan, beste inork baino altuago eta urrunago eraman duen kolonbiarra", gaineratu du.
Astelehenean, omenaldia Mexikon
Gabriel García Márquez idazle kolonbiarraren gorpua ekitaldi "pribatu" batean erraustuko dute, eta astelehenean omenaldi publikoa egingo diote Mexikoko hiriburuko Arte Ederren Jauregian, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.
María Cristina García Cepeda Arte Ederretako Institutu Nazionaleko (INBA) zuzendariak eman du horren berri, familiaren izenean Nobel saridunaren etxearen atarian irakurritako komunikatu batean.
Kultura eta Arteen Kontseilu Nazionalak adierazi du, "Gabriel García Márquezen familiak hala eskatuta, gorpuzkiak ekitaldi pribatu batean erraustuko direla", eta ehorztetxean ez dela hiletarik egingo.
Literatura munduan erreferentzia
"Gabo" XX. mendeko idazle garrantzitsuenetariko bat izan da, eta Hego Amerikako literaturaren gorakada eta eztandaren ordezkari handiena.
García Márquez oso ezaguna izan da bere literatura lanengatik, baita bere jarduera politikoagatik ere. Fidel Castroren laguna izan da eta horrek hainbat polemika sortu izan dizkio bere bizitzan.
García Márquez etxetik irten gabe zegoen azken urteetan. Dena dela, martxoaren 6an, bere urtebetetze egunean, etxe aurrean biltzen zitzaizkion kazetariei agur esatera irteten zen urtero.
Bere azken lanen artean "Vivir para contarla" memoria liburua dago, 2002an argitaratua. 2004an "Memoria de mis putas tristes" argitaratu zuen, 90 urteko gizon baten eta bere ohekide gaztearen arteko erlazioan oinarrituta. Eta 2010ean, "Yo no vengo a decir un discurso", jendaurrean irakurtzeko idatzi zituen 22 testu biltzen dituen liburua.