Literatura
Gutun Zuria letren jaialdia
Herta Müller Nobel sariduna Bilbon egongo da, Gutun Zurian
Erredakzioa
Berlinen bizi den errumaniar idazleak martxoaren 27an, jaialdiaren irekiera egunean, Bilbon egongo dela baieztatu du. Gutun Zuriak mugaren kontzeptua izango du ardatz, eta apirilaren 6an bukatuko da.
-
Herta Müller. Argazkia: Efe.
Herta Müller errumaniar idazlea, 2009ko Nobel sariaren irabazlea, Gutun Zuria Letren Bilboko Nazioarteko Jaialdiko izarretako bat izango da 2014ko edizioan; aurten martxoaren 27tik apirilaren 6ra egingo dute jaialdia.
Müller irekiera ekitaldiko buru izango da, zazpigarren edizioan, Bilboko Alondegiak, ekitaldiaren antolatzaileak, ohar batean azaldu duenez.
1953an Nytzjydorf Errumaniako hirian jaio zen idazlea, alemaniar familia batean, eta 1987tik Berlinen bizi da. Errumaniako diktadurak arrasto sakona utzi du haren biografian.
Alemaniar Hizkuntzaren Akademiako kideak Nobel saria irabazi zuen 2009an. Bigarren Mundu Gerraren ostean Europa erdialdeko herrialdeetan gutxiengo alemaniarrak bizi zuena kontatu du bere ibilbidean zehar Müllerrek.
Müllerren bisitak Gutun Zuria "letren eta literaturaren nazioarteko topagune" gisa indartuko du, oharrean esan dutenez.
Aurreko edizioan, Margaret Atwood idazle kanadarra izan zen protagonista.
Mugaren kontzeptua
Gutun Zuriaren zazpigarren edizioak mugen kontzeptua izango du ardatz. Globalizazioak mugarik gabeko mundu baterantz garamatzala badirudi ere, egia esan, lerro banatzaileek beren horretan jarraitzen dute oraindik ere.
Gutun Zuria jaialdiaren edizio honetan, muga kontzeptuaren aldaera eta esanahi guztiak aztertuko dituzte euskal zein nazioarteko idazleen bitartez. Erregimen totalitarioetako kartzela fisiko eta mentalei buruz, populazioen mugimenduei buruz, Europako herrialdeetako lerroak zeharkatzen dituzten ibaiei buruz... hitz egingo dute.