Itxi

Euskara

Urteko hitza

"Klima-aldaketa" izendatu dute urteko hitza Euskaltzaindiak eta UZEIk

N. V. | EITB Media

UZEI terminologia eta lexikologia zentroak 2024an zeresana eman zuten hitzen zerrenda argitaratu zuen joan den astean, eta orain "urteko hitza" aukeratu du Euskaltzaindiarekin batera.

  • Klima aldaketari buruzko goi bilera, Azerbaijanen

    Klima aldaketari buruzko goi bilera, Azerbaijanen

UZEI lexikologia eta terminologia zentroak eta Euskaltzaindia euskararen akademiak urteko hitza aukeratu dute: "klima-aldaketa".

"Azkenaldian, gero eta maiztasun handiagoz erabili da komunikabideetan, jendaurreko solasaldietan eta sare sozialetan", ohar batean azaldu dutenez.

Euskaltzaindiaren Hiztegian, klima-aldaketa hitz elkartua 2022ko urtarrilaz geroztik dago azpisarrera gisa, adibide gisa lehenagotik jasota egon arren. 'Lurreko klimaren ezaugarrien aldaketa, bereziki giza jarduerak eraginikoa' adierarekin eta meteorologiaren arloko terminoa dela adierazten duen markarekin jaso du Euskaltzaindiak.

Aurten, gero eta ohikoagoak diren muturreko zenbait gertakari —hala nola lehorteek, uholdeek, poloetako izotz-geruza urtzeak edo batez besteko tenperaturaren gorakadak— areagotu egin dute klima-aldaketaren gaineko kezka. Besteak beste, aurtengoa inoiz izandako urterik beroena izango dela iragarri dute.

Corpusetako datuek erakusten dutenez, sinonimo gisa erabiltzen den "aldaketa klimatiko" ez dago hain zabaldua. Horregatik, Euskaltzaindiaren Hiztegian ez da jaso; oraingoz klimatiko adjektiboa jaso ez den bezala.

UZEI terminologia eta lexikologia zentroak 2024an zeresana eman zuten hitzen zerrenda argitaratu zuen joan den astean.