Euskara
Urteko hitza
"Zerrenda", Euskaltzaindiaren eta UZEIren urteko hitzen zerrendaren buruan
N. V. | EITB Media
Zoritxarreko arrazoiengatik "Gazako Zerrenda" toponimoa hitzetik hortzera dabilen honetan, Akademiak eta terminologia zentroak urteko hitz aukeratu dute "zerrenda", "lursail luze eta estua ere badela gogoratzeko".
-
Israel Gazako Zerrenda txikitzen ari da, Hamasek urriaren 7an Israelen 1.300 pertsona hil eta gero
Euskaltzaindiak eta UZEI terminologia eta lexikografia zentroak aukeratu dute urteko hitza: "zerrenda". Gazako Zerrenda toponimoaren ezohiko eta zoritxarreko protagonismoak bide eman du zerrenda "lursail luze eta estua" ere badela gogoratzeko.
Hamarkada bat baino gehiago joan da Euskaltzaindiak Gazako Zerrenda forma arautu zuenetik, baina aurtengo udazkenean ezohiko eta zorigaiztoko protagonismoa izan du toponimo horrek, Hamasek urriaren 7an egindako erasoen (1.200 pertsona hil zituzten) eta Israelen erantzun bortitzaren (18.800 pertsona hil dituzte, gaurko datuen arabera) ondoren.
Hain zuzen ere, aurten Gazako Zerrenda forma komunikabideetan hainbeste erabili izanak bide eman du euskaraz zerrenda hitzak 'lursail luze eta estua' adiera ere baduela gogoratzeko, Euskaltzaindiak azaldu duenez.
'Bata bestearen ondoren kokaturiko gauzakiez, eta bereziki bata bestearen azpian ezarririko izenez, osatutako multzoa' adierazteaz gain, zerrenda hitzak badu 'zati luze eta meharra' adiera ere.
Euskarak, Akademiak gogora ekarri duenez, "bere-bereak ditu, adibidez, lur-zerrenda eta pareko esamoldeak. Ez da, beraz, adiera berria, inondik inora".