Itxi

Euskara

Euskaltzaindia

Castillo Suarez idazlea eta Paula Kasares soziolinguista, euskaltzain oso izateko hautagai

N. V. | EITB Media

Iraileko osoko bilkuran erabakiko du Euskaltzaindiak zeinek beteko duen Patxi Zabaletak emeritu izatera pasatuta utzi duen hutsunea.

  • Patxi Zabaleta euskaltzain emerituaren tokia beteko du hautatuak

    Patxi Zabaleta euskaltzain emerituaren tokia beteko du hautatuak

Euskaltzaindiak gaur, ostiralarekin, Alkizan egin duen osoko bilkuran, Castillo Suarez idazlearen eta Paula Kasares soziologoaren izenak aurkeztu dira euskaltzain oso izateko hautagai. Patxi Zabaleta emeritu izatera igaro zen maiatzaren 20an, eta biotako batek beteko du haren tokia. 

Castillo Suarez Garcia (Altsasu, 1976) Euskal Filologian lizentziaduna da eta toki administrazioko euskara teknikaria ogibidez. Bere literatura lanari etorrita, batik bat, poesia lanak idatzi ditu: orain arteko bildumarik osatuenak Souvenir (2008, Elkar), Urtebetetze festa (2012, Elkar) eta Irautera (2019, Elkar) izan dira. Bestalde, hainbat hedabidetako kolaboratzailea da. Azkenaldian, haur literaturan ere utzi ditu zenbait ale, horien artean, Ebelina Mandarina (Erein, 2010). Euskaltzain urgazlea da 2016tik eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea 2021etik.

Paula Kasares Corralesek (Iruñea, 1969) Soziolinguistika arloan garatu ditu ikasketak eta lan ibilbidea. Doktorea da, eta graduak nahiz graduondoak burutu ditu Euskal Filologian, Antropologian eta Hizkuntza Plangintzan. Lan jarduna euskararen normalizazio teknikari lanetan hasi zuen 1994an. 2001etik 2003ra, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria izan zen, eta egun Euskararen Nafar Institutuko Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria da; NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle ere badihardu. Euskaltzain urgazlea da 2016tik.